Donibaneko eraikin balioanitzarentzako eskaintza ekonomiko onena zein den aztertuko dute plenoan
Ohiko plenoa egingo du Pasaiako Udalbatzak asteartean, 19:00etatik aurrera, Donibaneko Arizabalo jauregian. Bertan hamar puntu jorratuko dituzte. Horietako bat barruti horretako bertako eraikin balioanitzari buruzkoa izango da. Obren 2. eta 3. faseentzako eskaintza ekonomiko onena zein izango duten aztertuko dute zinegotziek.
Horrez gain, talde politikoen bost proposamen ere jorratuko dituzte. Talde sozialistak hiru mahaigaineratuko ditu: hiri hondakinen bilketa sistemari buruzkoa, ondasun higiezinen zerga arautzeari buruzkoa eta, azkenik, Bakearen Aldeko Koordinakundearen disoluzioa aipatzen duena. Bilduk, berriz, Onkologikoari buruzko mozioa aurkeztuko du. Pasaiako Ezkerrak Espainiako Gobernuaren LOMCE Hezkuntza Legeari gaineko mozioa aurkeztuko du.
Ohiko prozedurez gain, 2013ko lanpostu zerrenden aldaketa ere bozkatuko dute.