Datorren ostegunerako greba orokorrari begira, motorrak berotzen hasi dira sindikatuak, eta M-30eko grebaren beharra nabarmendu dute, aldarrikapenak egitearekin batera, “indarrak batzeko” greba izango delako. Indarrak batuta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna egin nahi dute greba deitu duten sindikatuek —ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru eta CNT— nahiz eragile sozialek, eta modu horretan, “eredu posible bat aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasatu”. Deialdia egin dutenen iritziz, euskal jendartea batu eta helburu argi batzuetara bideratzeko balioko du gutun horrek, eta horrela, “eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den Euskal Herriarentzako eredu propioa” eraikitzeko bidea egin.
Gaur goizean egin dute greba orokorraren aurkezpena Oarso Bidasoko ELA eta LABeko arduradunek Pablo Garmendia (ELA) eta Zorion Ortigosa (LAB).
Egungo egoera ez dela krisi ekonomikoaren ondorioa nabarmendu dute, “krisiaren aitzakian martxan jartzen ari diren politiken ondorioa baizik”. Zehazki, Madrilgo gobernuak “inposatu” egiten duela esan dute dekretu eta oinarrizko legez, eta “Iruñea eta Gasteizko gobernuek “eraso hori aurre egin beharrean, ezarri” egiten dutela. Hortik ateratzeko “modu bakarra” borroka eta mobilizazioa direla adierazi dute.
Hori kontuan izanda, greba orokorrean erakunde guztiei Espainiako Gobernuaren murrizketak ez aplikatzeko eskatuko dietela esan dute, batik bat etxebizitzan, zerbitzu publikoetan, osasungintzak, hezkuntza, mendekotasunean, pentsioetan… Euskal erakundeei, zehazki, euren politikak errotik aldatzeko exijituko diete, eta ezarritako murrizketak indargabetzeko. Horrekin batera, aberastasunaren eta lanaren banaketan oinarrituko den lan harremanen eta babes sozialerako euskal esparrua lortzeko galdegingo dute.
Mobilizazioak
Grebaren egunerako zenbait mobilizazio egingo dituzte. 06:00etan Oiartzungo Alcampon elkartuko dira poligonoetan jarraipena egiteko; eguerdian, Donostian egingo den manifestaziora joateko deialdia egin dute, zutabeak irtengo dira hainbat puntutatik Artzain Onaren katedraleraino. Arratsaldean, berriz, 19:00etan, Errenteria-Oreretako Herriko Plazan egingo dute Oarsoaldeko manifestazioa, eta ordu berean, Irunen, Zabaltza plazan.