
Eider Roza donostiarra, Urderneed taldearen ahotsa
Larunbatean kontzertu berezia emango du Underneed rock taldeak Banako tabernan.
It´s Always Darkest Before The Dawn taldearen bigarren diskoaren aurkezpena izango da, baina DVDrako grabatuko dute eta emanaldia “goitik behera” prestatzen ari direla esan digu Eider Roza abeslariak. 20:00etan luntxa banatuko dute eta ordu erdi beranduago hasiko da kontzertua. Esan digunez, taldea ezagutzen dutenek ezustekoa hartuko dute lehengo abestiak moldatu dituztelako eta, ezagutzen ez dutenek, egiazko zuzeneko bat ikusiko dute, energiaz beterikoa.
Urderneed 2005ean jaio zen, baina 2008an aldaketa batzuk izan ziren taldean eta urtebete beranduagokoa da oraingo formazioa: Eider ahotsetan, Iñaki
Machine baterian, Dany FV gitarran eta
Frankie baxuan. Rock alternatiboa egiten dute, iturri askoetatik edandakoa, pop ingelesetik metaleraino.
Another point of view diskoaren ondotik, bigarrena da It´s Always Darkest Before The Dawn. Gustura geratu al zarete emaitzarekin?
Bai, oso gustura. Aurreko diskoa estudioan grabatu genuen, diru asko inbertituta eta abar. Aldiz,
It´s Always Darkest Before The Dawn Donibane Ziburuko Gaztetxean (Ahetze, Lapurdi) grabatu dugu. Iñakik grabazio lanak egiten dituen proiektu bat sortu zuen, Petunkeib Rekords izenekoa, eta bere ordenagailuarekin grabatu dugu dena; berak garbitu ditu pistak eta bere lagun batek prestatu zuen masterra. Oso gustura geratu gara. Gauza da diskoa lehen kantatik azkeneraino entzun eta ez dudala aurkitu gustatu ez zaidan ezer.

Underneed taldeko kideak
Taldea ezagutzen ez dutenek zer aurkituko dute diskoan?
Musika gustatzen bazaie gustatuko zaie seguru. Taldekideak oso desberdinak gara. Iñaki oso metaleroa da, niri denetik gustatzen zait, Freetwood Macetik Led Zeppelinera, Dany rokeroagoa da, Ipar Amerikako rokaren zalea eta Frani estatuko roka gustatzen zaio.. Oso gustu desberdinak ditugu eta hori nabaritzen da gure musikan. Gainera gure abestiak ere oso desberdinak dira euren artean, bai musikarengatik, bai gaien trataerengatik.
Azken urtebetean, diskoa prestatzen ari ginela, zenbait kontzertu eman ditugu eta abestiek eboluzio bat izan dute. Hori ona izan da diskorako, eboluzio hori jaso duelako. Eta Banakon ere ikusiko da, urtarrilean eman genuen kontzertuko abestiak desberdinak izango dira larunbatean.
Banakoko kontzertua berezia izango dela esaten duzue. Zergatik?
Goitik behera prestatu dugulako. Introak sortu ditugu, abestiak moldatu, argiak asko landu ditugu abesti bakoitzarentzako. Gu zuzeneko taldea gara eta hori esaten digute, gure kontzertuak energiaz beterikoak direla eta, egia da, asko lantzen ditugu zuzenekoak, baina aste honetakoa berezia izango da, DVDrako grabatuko dugulako. Ostiralean probatzera joango gara, larunbatean kamerak ez duelako aukerarik izango argiak lasai neurtzeko, diztirak ezabatzeko kokapen zehatza hautatzeko, etabar. Ostiralean landuko dugu hori eta larunbatean zuzeneko grabaketa izango da.
Zergatik aukeratu duzue Banako DVDa grabatzeko?
Kasualitatez ezagutu genuen Banako. Urtarrilean kontzertua eman genuen bertan, aurkezpen bezala. Berez, beste leku batean egin behar genuen baina azken unean aldatu behar izan genuen eta Banakora joan ginen. Urbilek [Artola, Banakoko arduraduna] asko lagundu digu eta taberna oso ondo dago, oso ondo entzuten da eta argietarako eta, orohar, grabaketa egiteko oso egokia da.