Udalaren etxe hutsak etxetik kaleratu dituztenek erabiltzea proposatu du EAJk
Errenteriako EAJk etxe kaleratzeei buruzko mozio bat aurkeztu du, eta bertan, Errenteriako Udalari zenbait neurri hartzeko eskatu dio. Hala, udalarenak diren etxe hutsak etxetik kaleratuak izan direnei gizarte alokairuan uztea proposatu du Maite Peña EAJko bozeramaileak. Jeltzaleen bozeramailearen iritziz, udala ezin da gizarteak bizi duen arazo honen bazterrean geratu, eta kaleratzeen arazoari “aurre egin” behar dio: “Administrazioak politika egokiak ezarri behar ditu etxebizitzarik gabe geratuko diren pertsonei babesa emateko”.
Hori ez da EAJk proposatutako neurri bakarra izan. Etxebizitza parke bat sortzea ere proposatu du, “finantza erakundeekin edo euren gizarte ekintzarekin elkarlanean”, eta horrekin batera, kaleratuak izan direnentzako protokolo bat onartzea ere eskatu du. Neurri guzti horiek bilduko dituen araudia bi hilabeteko epean egiteko galdegin du Peñak, eta hala nola, gizarte alokairuko etxebizitza horiek eskuratzeko baldintzak, konpromisoak, alokairuaren epeak eta gainontzeko baldintzak bildu ditzala eskatu du.
Azkenik, udalari praktika ona betetzen ez duten finantza erakundeekiko harremana eteteko eskatu dio.
Espainiako Gobernuaren dekretua, “eskasa”
Udalarengana izan ezik, Espainiako Gobernuarengana ere zuzendu da Errenteriako EAJ, eta 27/2012 Errege Dekretua aldatzeko eskatu dio, guztiz eskastzat joz. Hala, kaleratze eta desjabetzeei “benetako irtenbidea emateko neurriak” hartzeko eskatu dio. Banku eta kutxei, berriz, “euren esku dagoen guztia egiteko” eskatu die.