Lezo-Gaintxurizketa plataforma, Pasaia-Irun plataforma da orain
Irungo EAJk izenaren aldaketa begi onez ikusi du, eurek proposatu zutelako aldaketa hori, eta Zaisak Atlantikoko garraio eremuan duen garrantzia aitortzen delako
Gaintxurizketan egin nahi duten plataforma logistikoaren izena aldatu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikarako Sailak. Orain arte Pasaiako kanpoko kaiarekin nahiz trenbide azpiegiturarekin lotura izango lukeen eremu horri Lezo-Gaintxurizketa plataforma deitu izan zaio, baina Gasteizek izendapena aldatu du: Pasaia-Irun izena erabiliko dute horren gainean hitz egiteko. Irungo EAJk proposatu zuen aldaketa hori Jaurlaritzan bertan –Oarso-Bidasoa plataforma izena proposatu zuen–, eta aintzat hartu dute aldaketa.
Izan ere, EAJren ustez, aurreko izenak ez zuen kontuan hartzen Irunek, eta zehazki Zaisak, egitasmo horren barruan duen “garrantzia”. Hortaz, izen berriarekin, hori kontuan hartzen dela uste du Xabier Iridoy Irungo Udaleko EAJren bozeramaileak, “Irunek eta Zaisak Atlantikoko garraioan suposatzen duen, eta suposatuko dutenarekin bat datorrela deritzogu”. Hala, Iridoyren ustez, Irunek “balio erantsi oso garrantzitsua” emango dio plataforma horri nahiz Atlantikoko arkuko garraioari, “eta horri etekina aterako dio”.