Lander Rodriguez izan da nagusi Itsas Kayakeko ligako bigarren proban
Pasa den asteburuan Itsas Kayakeko Euskadiko Kopako bigarren jardunaldia jokatu dute Lekeition (Bizkaia). Bertan, Trintxerpeko Donostia Kayakeko Lander Rodriguez izan zen nagusi K1 kategorian, eta minutu eta erdiko aldea atera zion bigarren sailkatuari. Ez zen taldeko bakarra izan podiumean, Aritz Aranetak hirugarren postuan bukatu baitzuen lasterketa.
K2 kategorian ere, talde bereko Eneko Garcia eta Imanol Burguerak osatutako bikoteak podiumeko mailarik altuenera igotzea lortu zuen, Hondarribiko bikotearen aurretik. Elkarrekin entrenamendu gutxi egin arren, euren nagusitasuna argi utzi zuten. Kayak tradizionalean, berriz, Pasaia Kayakeko Patxi Benavente hirugarren izan zen.
Lehenengo aldia da Lekeitioko Dzanga klubak proba bat antolatu duela. Trintxerpeko taldeetako kideek nabarmendu dutenez, dena “primeran” antolatuta zegoen, eta ibilbide “interesgarria” antolatu zuten. Hori bai, itsasoa zakar zegoen, eta arraunlariek euren trebezia erakutsi behar izan zuten.
Datorren proba Pasaian jokatuko dute, ekainaren 2an.