Donejakue bideko zigilua jarriko dute Hondarribiko Arma Plazan
Hondarribiko Arma Plaza Interpretazio Zentrotik pasatzen diren erromesei zigilua jarriko diete bertan, Bidasoko Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak eta Arma Plaza Fundazioak sinaturiko hitzarmenari esker. Hilaren 15ean bi erakundeek bilera egin zuten eta bertan erabaki zuten Arma Plazako eraikina Donejakue bideko informazio puntu izatea. Zigilua jasotzeaz gain, bidea egiteko behar izaten den informazioa jasoko dute erromesek herrian: lotarako lekuak, jatetxeak, ibilbideari buruzko informazioa…
Lupe Olaskoaga Hondarribiko Turismo zinegotzia eta Bidasoko Donejakue Bidearen Lagunek Elkarteko Demetrio Grijalba eta Mikel Etxeberria izan ziren bileran eta lankidetzarako emandako urratsekin pozik azaldu ziren.
Halaber, Arma Plaza Interpretazio Zentroko bigarren solairua erabiliko du aurrerantzean Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak, eta bertan elkarteari buruzko informazioa emango dute ostegunero, 18:00etatik 19:30era, bihartik hasita eta iraila arte (uztaila eta abuztuan 18:30etik 20:00etara).