Bulgariako abesbatzen txapelketa batean epaimahaikide izango da Josu Elberdin
Josu Elberdin musikagile sanpedrotarra epaimahaikide izango da Bulgariako Balchik herrian egingo den Chernomorski zvutsi abesbatzen nazioarteko txapelketan. Ekainaren 5etik 9ra lehiatuko dira zortzi herrialdetako hamahiru abesbatza, eta guztira 500 abeslari izango dira bertan. Sanpedrotarraren Jubilate Deo eta Da pacem Domine obrak kantatuko dituzte abesbatzetako kideek.
Lehiaketaz gain, sorkuntza tailerretan parte hartzeko aukera izango dute lehiakideek. Horrela, hainbat herrialdetako musikagileren obrak ikasteko aukera izango dute, musikagileek eurek gidatuta. Horren bitartez, antolatzaileek “kultura ezberdinen arteko zubiak” eraiki nahi dituzte.
Jaialdiaren hirugarren ekitaldia da aurtengoa. Aurreko biak Bulgarian bertan eta Finlandian egin dituzte.