Ezkerretik eskuinera, Fuentes, Burgaña eta Rodriguez Iantzi
Bihar, asteazkenarekin, Bidazi elkartearen aurkezpena egingo dute Bidasoko EKTn, 19:00etan (eta ostiralean, 19:30ean, Olagarro elkartean, Hondarribian). Bortzirietatik datoz eta tokiko ekoizpen eta kontsumo ekologiko eta arduratsua sustatzen dute, Nafarroako hiriburuan 1.800 bazkide baino gehiago dituen Landare elkartearen antzera. Irungo aurkezpenaren aurretik HITZA Bidaziko hiru kiderekin elkartu da, Xabier Burgaña, Oier Fuentes eta Miguel Rodriguez Iantzi
Egun hiru hilabetean behin galtzen ez diren produktuak banatzen dituzte bazkideen artean baina urratsa ematea erabaki dute, urrats handia. Batetik, geografikoa, Bidasora zabalduko dute Bidazi, bazkide berrien bila. Bestetik, baserritarrekin ekoizle sare bat osatu nahi dute eta, aurrerantzean, produktu freskoak ere banatu. Eta azkenik, irailean bazkideentzako saltokia ireki nahi dute Berako Alkaiaga industria gunean.
Nondik sortzen da Bidazi?
Xabier Burgaña: Duela urte batzuk sortua dago. Bortzirietako talde bat bildu zen ekologiaren inguruan oso interesatuak zirenak. Kontsumitzaileak ziren eta galtzen ez ziren produktuekin hasi ziren, horiek biltzen eta banatzen.
Miguel Rodriguez Iantzi: Hasieran bileretan hogei inguru izaten ginen, jende franko, agian elkartu hogeita hamar bai, baina bazkide egin eta elkartea sortu genuenok hogei izan ginen. Gure asmoa izan da beti edukitzea leku bat banatzeko, baina orain arte ez dugu posible izan eta horregatik esaten dut nik orain artekoa Prebidazi izan dela. Elkartea sortu dugu, kontaktatu ditugu hornitzaileak eta hiru hilabetetik behin egiten genuen produktuen banaketa, beti galtzen ez ziren produktuenak.
Eta orain nahi dugu beste pausu bat eman, uste dugulako badirela baldintzak horretarako. Lokal bat ireki nahi dugu hor produktuak banatzeko. Horretarako ari gara bazkide berrien bila
Burgaña: Ibili garen moduan mugatuak ginen. Bajera batean mugitzen ginen eta han ez zegoen lekurik kide gehiago jasotzeko eta elkartea zabaltzeko. Beste aukera zen hiru hilabetean behin egin beharrean hilabetean behin egitea, baina horrek lan asko suposatzen du eta boluntarioak gara denak. Orain bai, baldintzak ikusten ditugu eta aurrera egitea erabaki dugu. Batetik, zabaltzea eta herri gehiago hartzea eta, bestetik, ekoizleak ere bilatzea eta ekoizleak tartean sartzea. Horrek aukera emango luke Bidazik dituen helburu guztiak betetzen joateko.
Ekoizle horiek nolakoak izaten dira?
Burgaña: Normalean gazteak eta baserritarrak. Orain arte Bortzirietakoak dira Arantza, Igantzi, Bera eta Lesakakoak. Sara, Hondarribia, Zugarramurdi… horietara jotzeko asmoa dugu, ez dakigu zer aterako den. Ikusiko dugu hasieran zein oztopo topatzen ditugun baina gure hasierako asmoa da, Iruñeako Landare elkartearen filosofiari jarraituz, ekoizleari %40 ingurua aseguratzea eta berak beste aukerak bilatu dezala, guk porrot egiten badugu bera ez eramateko gurekin. Ez dugu nahi gure menpean egotea. Eta filosofia berean, saiatuko gara ordaintzen ahalik eta hoberen eta saltzen ahalik eta merkeen, tartekoak kenduta.
Rodriguez: Gure filosofiarekin dauden baserritarrak dira baina asmoa da hor zabaltzea, eta bide hori edozein baserritar, edozein ekoizlerentzat zabaltzea.
Tokiko ekoizpen eta kontsumo ekologiko eta arduratsua sustatu nahi duzue. Horrek esan nahi du asko dela kanpokoa, ez ekologikoa eta arduragabea dena.
Oier Fuentes: Ideia da ahalik eta hurbilekoa izatea eta horretarako lehen pausua da bertakoa izatea. Hor ez badago ba pixka bat urrutiago, pixka bat urrutiago, eta produktuaren arabera denen artean erabakiko da ekarri edo ez ekarri.
Burgaña: Hemen badago, hemendik, baina produktu bat hemen ez dagoena eta Japoniatik ekartzeko aukera bada ekarriko dugu, baina hori izango da hemen ez dugulako.
Fuentes: Hori bai, produktu horiek bete beharko dituzte baldintza batzuk, ekologikoak izatea, modu arduratsuan ekoitziak izatea… Ez edozein produktu.
Rodriguez: Adibide argiena laranjak dira. Hemen ez daude, baina Valentziatik laranja ekologikoak ekarri daitezke. Nafarroan bada olio ona hegoaldean eta hortik ekartzen dugu; Erriberan ekoizten da orain eta ez dugu urrunago joan beharrik.
Burgaña: Edo miso, kinoa, amarantoa…
Fuestes: Edo kafea. Eta gero galdu diren hainbat produkzio, zerealenak eta abar, berreskuratzen saiatuko gara ere. Bide horretan ere nahi dugu ibili, baina hasteko egun ekoizten denarekin hasiko gara.
Talde polita beharko duzue hori guztia kudeatzeko, saltokia martxan jartzeko.
Rodriguez: Dendari
Azoka deituko diogu, ez baita irabazteko asmorik. Sal erosketa bat egongo da baina bazkideentzat bakarrik.
Burgaña: Etorkizunari begira ikusten badugu ematen duela jende kopuruagatik norbait kontratatzeko, gure asmoa da norbait izatea azokan. Inoiz ez gara joango irabaztera, baizik gure gastuak ordaintzera.
Rodriguez: Eredu gisa Iruñeako Landare elkartea izan dugu, 1.850 bazkide dituena eta hilabetetik hilabetera igotzen ari dena. Oso ondo ibili da eta lortu dituzte zinez banatzeko produktu multzo zabala.
Burgaña: Nafarroa osoan horrelako mugimendua zabaltzen lagundu dute eta gu ere horretara gatoz. Sakanan ere sortu dute talde bat eta guretik oso gertu, Baztanen, Barraskilo sortu dute, urtarriletik ari direnak. Filosofia oso antzerakoa dute denek. Bakoitzak bere barruan baldintzak mugatzen ditu, baina helburuak antzerakoak dira.
Bidasoan badira kontsumo eta baratza taldeak. Izan al zarete beraiekin?
Burgaña: Ez, oraindik ez, baina hori da asmoa, beraiekin egon eta ahal bada beraiekin harremanak izatea; batzuetan izango da proiektu potolo handi bat egiteko eta beste batzuetan izango da bakarrik guregana hurbiltzeko. Ikusiko dugu, oraindik ez baitugu kontakturik izan.
Agian aste honetan izango duzue horretarako aukera, bihar Irunen, EKTn edo ostiralean Hondarribian, Olagarro elkartean. Zer da bi aurkezpen horietan kontatuko duzuena?
Burgaña: Beran aurkezpen zabala egin genuen, baina ikusi genuen jendeak gauza zehatzak jakin nahi dituela eta, orduan, Lesakan, Arantzan, Etxalarreneta Igantzin jendeak jakin nahi zuena, hori da azaldu genuena, hau da, proiektua zer den eta azokaren inguruan zer egiten ari garen. Gero zenbat kuota den, hilero zenbat izango den… baina hori dena eztabaidatu gabe daukagu, badugu zirriborro bat eskaintzeko, baina hori denon artean erabakiko dugu, elkarteko bazkide guztien artean.
Rodriguez: Bazkide berriekin gure oraingo elkartea biderkatuko da eta bazkide guztiekin batzar bat egingo dugu, eta hor zehaztuko ditugu helburuak, denen iritziak entzunez eta saiatuz akordioetara iristen. Hori inportantea da, anitzak izatea eta guztien iritzia errespetatzea.
Irunen eta Hondarribian aurkeztu eta gero, zein da zuen agenda?
Burgaña: 29an Beran berriro aurkeztuko dugu proiektua eta data jarri gabe Zugarramurdin, Saran eta Hendaian. Hasi behar gara mugitzen lokala irailean ireki nahi dugulako. Lokala badugu, Alkaiaga poligonoan. Berez Lesaka da, baina Beratik askoz ere hurbilago Lesakatik baino.
Rodriguez: Errepidearen ondoan dago, aparkatzeko arazorik ez eta hemendik, Bidasoatik joateko erraz, Berako lehenbiziko irteeran. Alde horretatik oso egokia da.
Fuentes: Lehenbiziko asmoa azoka irekitzea da eta behin funtzionamendua finkatuta dagoenean gure asmoa da inguruan dabiltzan beste kontzeptu batzuk poliki-poliki bertan sartzea, beste elkarteekin harremanetan, bide honetan doazen beste proiektuak bultzatuz eta sakonduz. Baina printzipioz orain zentratzen gara azokaren asuntoan, ekoizleak sortzen eta landa eremua pixka bat biziberritzen, gazteak horretarako bultzatzen.