Metalgintza kalera aterako da ostiralean
Lan hitzarmenaren harira, ostiralean metal arloan lan egiten duten langileek greba egingo dute, eta era berean, Errenteria-Oreretan manifestatzera deitu dituzte inguruko langileak, 19:00etan, Zumarditik abiatuta. LABek egin du grebarako deialdia, eta ELA eta Euskadiko CCOO ere batu zaizkio.
LABek azaldu duenez, lan ituna “arrisku bizian” dago, apirilaren 9az geroztik negoziazioak “etenda” baitaude Adegirekin. “Metaleko hitzarmenaren lan erreforma azken muturreraino aurrera eramaten dabil patronala”, esan du LABek. Uztailaren 7an desagertuko da lan erreforma akordiorik ezean, eta desagertuz gero, “30 urte baino gehiagoko borrokan irabazitako eskubide guztiak” galduko direla esan du sindikatuak. Izan ere, itunik ezean, Espainiako Estatuko metalgintzako hitzarmena ezarriko dutelakoan dago LAB, eta hori ezean, langileen estatutua. Horrek soldatak nabarmen jaistea ekarriko luke, LABen arabera: “Lehenengo mailako ofizial batek 8.979 euroko soldata izango luke, 1.826 orduko lanaldia eta hitzarmenaren barruko eskubide gehienak galduko lituzke (baimenak, batzarrak, Geroa…).
Adegiri lan erreformaren inguruan duen jarrera itxia alde batera uzteko eskatu dio LABek, eta sindikatuek eskatzen dutena entzuteko. Hala, hitzarmenaren defentsan mobilizatzera deitu ditu langile guztiak.