Linazasoro Topasera eta Lujanbio Fontcaletera eraman dituzte
OARSO BIDASOKO HITZA-k jakin ahal izan duenez, Errenteria-Oreretako Maitane Linazasoro eta Xabier Lujanbio espetxez aldatu dituzte. Linazasoro Martutenetik Topasera (Salamanca, Espainia) eraman zuten ostiralean, eta Lujanbio, berriz, Martutenetik Fontcaletera (Alicante, Herrialde Katalanak) aurreko egunean, ostegunean. Gainontzeko gazte auzipetuek Martutenen jarraitzen dute.
Urtarrilaren 19an atxilotu zituzten, Donostian, Arkaitz Anzarekin batera. Espainiako Auzitegi Gorenak euren kontrako epaia berretsi ondoren, ezkutatuta egon ziren hilabetez, eta Donostian Eleak mugimenduak deitutako manifestazioan agertu ziren, urtarrilaren 19an. Egun horretan bertan, Maria Cristina hotelean kateatu ziren, eta orduan atxilotu zituzten.