Kampsaren aldeko II. punk gaua egingo dute Mogambon, ostiralean
Kampsaren aldeko II. punk gaua egingo dute datorren ostiralean, hilaren 25ean, Trintxerpeko Mogambo aretoan. 21:30ean hasiko da jaialdia, eta hiru taldek hartuko dute parte: Oreretako Basurak, etxeko Korkones de Pasaia eta Irungo Hijos del fracaso. Taldeen ondoren, Dj Naturista ariko da musika jartzen. Sarrerak bost euro balioko ditu.
Hala ere, ez da asteburuan Azkuene kaleko aretoan egingo duten kontzertu bakarra izango. Horrela, larunbatean, beste lau talderekin gozatzeko aukera izango da, 21:30etik aurrera. Noiseast (Mallorka), Dawn of the Maya iruindarrak, A Human Disaster lasartearrak eta Lion HEad urnietarrak izango dira Mogamboko oholtza gainean, metalcore estiloko gaualdia eskaintzen. Talde horiek ikusteko sarrerak sei euro balio ditu.
Azkenik, astelehenean, Master Musicians of Bukkake (MMOB) taldea ariko da, Randall Dunn buru dutela. Earth, Burning Witch, Asva, The Accused edo Secret Chiefs 3 bezalako taldeetan aritutako musikariekin osatuta dago MMOB. Kontzertua, gainontzeko biak baino lehenago hasiko da, 20:30ean, eta eurekin batera Donostiako Petra taldea ariko da. Sarrerak hamar euro balio du.