
Hirugarren sailkatu zen Hondarribia Mutrikuko estropadan
Azkenean ezin izan zen. Aurreko lau jardunaldietan erakutsitako nagusitasuna berretsiz, San Juanek irabazi du Gipuzkoako Trainerilla Ligako azken jardunaldia eta sailkapen nagusia. Hondarribia Arraun Elkarteko (HAE) zazpikoak ligako lehen jardunaldiak irabazi zituen eta lidergoa azken jardunaldira arte mantentzea lortu zuen, baina duela hilabete eta erditik San Juanek astebururo tartea nola jaten zien ikusiz joan dira eta, larunbatean, lidergoa eskuz aldatu zen, Mutrikun jokatutako azken proban.
San Juan izan zen garaile Mutrikun eta Hondarribia hirugarren sailkatu zen, San Pedroren atzetik. Sailkapen nagusian sanjuandarrek bukatu dute lehen postuan eta Hondarribia bigarren, puntu bakarrera.
Gipuzkoako Trainerila Liga. Azken sailkapena
- San Juan. 70 puntu.
- Hondarribia. 69 puntu.
- Orio. 63 puntu.
- San Pedro. 58 puntu.
- Getaria. 42 puntu.
- Zarautz. 31 puntu.
- Zumaia. 27 puntu.
- Donostiarra. 26 puntu.
- Mutriku. 11 puntu.
Eta igandean Gipuzkoako Txapelketako finala jokatu zuten, larunbatekoak ligarako eta txapelketako finalera sailkatzeko balio baitzuen. Hor ere sanjuandarrak nagusitu ziren nagusietan, arrosen eta berdeen arteko lehia estuaren ondoren. Donibanekoek berdeek baino segundu eta erdi gutxiago behar izan zuten ibilbidea burutzeko.
Aulki mugikorrekoak, berriz, Bordeleko Nazioarteko Estropadetan hartu zuten parte. 80 arraunlari eraman zituen HAEk, 40 ontzi ingurutan banatuta. Hondarribiarrek emaitza onak lortu zituzten berdeek: urrezko hiru domina (gizon kadeteen zortzikoan, eta emakume nagusien zortzikoan eta laukoan) eta zilarrezko bat (emakume kadeteen laukoan).
Euskadikoa, etxean
Datorren asteburuan mendekurako aukera izango dute arraun elkartekoek, larunbat eta igandean etxean jokatuko baita Euskadiko Trainerila Txapelketa. Larunbatean sailkapen probak egingo dituzte, 12:00etatik aurrera eta, igandean, finalak, 11:30ean. San Juan eta Hondarribiarekin lehian bizkaitar ontziak ariko dira; Bermeo izan da Bizkaiko txapelkduna, Kaiku eta Zierbenaren aurretik.