Aitor Uriondo entrenatzaile donostiarrak zuzenduko du heldu den denboraldian saskibaloiko Emakumeen Ligako Hondarribia-Irun taldea. 2012-2013 denboraldiko azken hiru partidetarako fitxatu zuen taldeak, behin behinekoz Anne Peña ordezkatu zezan. Nonbait, egindako lana gustatu zaie Txingudi Saskibaloia Elkarteko arduradunei eta Uriondorekin zuten hitzarmena luzatzea erabaki dute bi aldeek. Laguntzaile bezala Ion Beristain izango du Uriondok.
Uriondok entrenatuko du taldea
Datozen asteetan taldea osatzen hasi beharko dira. Liga amaitu zenean Oscar Cea kirol zuzendariak HITZAri emandako elkarrizketa zioenez, entrenatzailea zehaztu arte ez ziren jokalariekin hitz egiten hasteko. Emakumeen Ligan jokalari guztiek urtebeteko kontratua izaten dute eta urtero jokalari guztiekin hitz egin beharra dago.
Cearentzat, taldearen helburuetako bat Gipuzkoako eta Euskal Herriko jokalari onenak bereganatzen joatea da, baina ez da zaila izango aurten lau euskal taldek jokatuko baitute maila gorenean. Iaz mailari eutsi zioten Hondarribia-Irun eta Iruñeako Obenasarekin batera, GDKO Ibaizabal eta Donostiako UPV-EHU ariko dira 2013-2014 denboraldian Emakumeen Ligan.