
Migel Mari Arregi (ezkerretik bigarrena) izango dute aurten gogoan jardunaldietan
Atzo hasi ziren Donibanen, Konstantzia Bandaren kontzertu batekin, Itsas Mendi elkarteak antolatutako XXIII. Musika Jardunaldiak. Aurten Miguel Mari Arregi omendu nahi dute, jardunaldien antolatzaile nagusia izan dena eta urte honetan hil dena. Antolatzaileek adierazi dutenez, bera izan da egitaraua osatu duena, “eta bi urte barru egingo den XXV. ekitaldia prestatzen hasita zegoen jada”.
Datozen egunetan ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Horrela, ostiralean, Karnaba otxoteak emanaldia eskainiko du Bonantza elizan, 20:15ean. Larunbatean, ordu berean, Landarbaso abesbatzak errezitaldia emango du San Joan Batailatzailearen elizan. Igandean, berriz, kalean izango da ekitaldia. Mugarik Gabeko Txuntxuneroek txistu kontzertua emango du Herriko Plazan, 12:30etik aurrera.
Jardunaldiak ekainaren 1ean, larunbata, bukatuko dira, Santa Cecilia abesbatzak San Joan Batailatzailearen elizan emango duen errezitaldiarekin. 20:15ean hasiko da azkeneko kontzertu hori.