Goizean egin dute bisita udaleko ordezkariek etxebizitzetara
Irungo Udalaren arabera, laster hasiko dira eraikitzen Porcelanas-Zubeltzu eremuko etxebizitzak. Egun, urbanizazio lanak ahalbidetzeko beste hainbat lan osagarri egiten ari dira zonalde horretan –lehengo eraikinak bota dituzte, tentsio altuko lineak desmuntatu…–, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak baimena ematen duenean, etxebizitzak egiten hasiko dira: babes ofizialeko 90 etxebizitza egingo dituzte, eta beste 35 hitzartutako preziokoak.
Joan den urteko azaroan egin zuten, zozketa bidez, babes ofizialeko etxebizitzen esleipena. Etxe horietan ekodiseinuko UNE araua aplikatu dutela esan du udalak, hau da, ingurumenean eragin litezkeen ondorioak aintzat hartzen dituen araudia aplikatu dute, hori etxebizitzen prezioaren, egiteko epeen edo kalitatearen maila berberean jarriz.
Gaur goizean egin dute eremu horretara bisita Jose Antonio Santano alkateak, Goizane Alvarez Etxebizitza ordezkariak, eta Migel Angel Paez Hiri Garapenerako ordezkariak. Teknikoen hainbat azalpen jaso dituzte bertan.
Honakoak dira egiten ari diren etxebizitzen ezaugarriak:
Babes ofizialeko etxeak (90 dira denera)
- Bi logelako 52 etxebizitza. Batez besteko azalera: 59,78 metro koadro. Batez besteko prezioa: 134,665 euro (garajearekin eta trastelekuarekin, baina BEZ gabe).
- Hiru logelako 37 etxebizitza. Batez besteko azalera: 80,12 metro koadro. Batez besteko prezioa: 167.008 euro (garajearekin eta trastelekuarekin, baina BEZ gabe).
- Lau logelako etxebizitza bat. Azalera, 103,99 metro koadro. Prezioa (garajearekin eta trastelekuarekin, baina BEZ gabe): 198.635 euro.
Hitzartutako prezioko etxebizitzak (35 dira denera)
- Bi logelako 20 etxebizitza. Batez besteko azalera: 59,37 metro koadro. Batez besteko prezioa: 146.730 euro (BEZ gabe).
- Hiru logelako 15 etxebizitza. Batez besteko azalera: 79,50 metro koadro. Batez besteko prezioa: 188.683 euro BEZ gabe).