Hondarribiko bertsolari txikiak asteazkenean ariko dira Hondartzan
Hondarribiko Talaia, Gurutzetako Alabak eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako 4. eta 5. Mailetako ikasleek Gu ere Bertsolari jaialdian parte hartuko dute etzi arratsaldean, asteazkenarekin, Hondartza kiroldegian. 4. mailakoak 17:00etan hasiko dute euren saioa eta 5.ekoak 18:15ean.
Ikasle talde bakoitzak bost minutu inguruko emanaldia prestatu du jaialdirako eta, horretan, Gipuzkoako Bertsolari Elkarteko aditu baten eta ikastetxeko irakasleen laguntza izan dute. Izan ere, Gipuzkoako Bertsolari elkartearen egitasmoa da Gu ere bertsolari, eta, Hondarribian, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta lehen hezkuntzako hiru ikastetxeekin elkarlanean burutzen dute.
Euskara zerbitzutik azaldu dutenez, ahozko komunikazioa lantzeko tresna paregabea da: “Proiektu honen bidez, gure eskualdeko gazteek aukera paregabea izan dute ahozko komunikazioa eta bertsolaritzaren oinarriak lantzeko. Bertsolaritzaren hainbat baliabide erabiliz lortu dute, besteak beste, ahozko adierazpena hobetzea, estrategia eraginkorrak bultzatzea, hizkuntza aldetiko sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzea. Beraz, bertsolaritza ikastetxeetako Hezkuntza Proiektuan jasotako helburuak bermatzeko tresna ezin hobea da”
20.000tik gora hau
Duela hamabi urte hasi zen Gipuzkoako Bertsozale Elkartea ekimen hau bultzatzen eta dagoeneko 50 bat herritan antolatu dituzte Ikastetxeak bertsotan goiburuko jaialdiak. Lurraldeko 9.900 inguru ikasle ari dira bertsotan ikasten eta ikastaro amaieran liburu bana jasoko dute, eurek egindako bertsoak eta talde bakoitzeko argazkiak jasoko dituena.
Orotara, Euskal Herriko zazpi herrialdetako 382 ikastetxek hartu dute parte eta 20.532 haur ari dira aurtengo ikasturtean.