Joan den astean Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluaren barruko hondakinen taldeak hondakinak biltzeko sistemaren gainean hitz egiteko bilera erronda hasi zuen Iztieta eta Agustinak auzoetan. Herritarrek eman zioten erantzunaren irakurketa “oso positiboa” egiten duela adierazi du kontseiluak. Bi saioetan 65 lagun joan zirela esan du, eta “zalantzak planteatu eta proposamen gehigarriak” egin zituztela, “modu oso konstruktiboan, gainera”.
Bilera horren helburua hondakinen taldeak azken hilabeteetan egindako lana azaltzearekin batera, hiriko hondakinen bilketa sistema eguneratzeko proposamenak aurkeztea izan da. Hondakinen taldeak ondorioztatu du egungo bilketa sistema ez dela eraginkorra, eta ez diola errealitateari erantzuten.
Bihar, Beraun, Galtzaraborda eta Igantzin
Hurrengo bilerak aste honetan zehar egingo dituzte. Bihar izango da lehenengoa, Beraun, Galtzaraborda eta Igantziko bizilagunekin, 19:30ean, Koldo Mitxelena institutuan (Galtzarabora etorbidea). Etzi, Alabergako bizilagunekin elkartuko dira Arditurri auzo elkartean, 19:30ean, eta ordu berean, Fanderia-Markolako bizilagunekin, Erdiko erreka auzo elkartean. Ostegunean, Pontikako auzotarren txanda izango da bertako auzo elkartean, 19:00etan.
Parte hartzea garrantzitsutzat jo du hondakinen taldeak, eta lehengo asteko bileran ere hori bera nabarmendu zutela Iztieta eta Agustinetako auzotarrek. Hala ere, norbaitek joaterik izango ez balu, kezkak agertu zein ekarpenak egiteko
hondakinakIAK[a bildua]googlegroups.com-era idatz dezakeela jakinarazi du taldeak.