Goizean zehar kalejira egingo dute Irundik zehar, eta bazkariaren ondoren hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izango da ikastolan bertan
Txingudi Ikastolaren Egunak, eta ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunek bat egingo dute aurten. Horregatik, ekainaren 1erako (larunbata da), bi festal elkarrekin uztartu, eta jai handia egingo dute. Bi atal izango ditu: lehena, Irundik zehar egingo duten kalejira erraldoia izango da, eta bigarrena, ikastolan bertan egingo diren ekimenak.
Ondokoa kalejiraren planoa da. 10:00etan hasiko da, Ama Xantalenetik
Kalejirari dagokionez, Ama Xantalenetik hasita ikastolaraino, bi ordu eta erdiko eta zortzi gunetan banatutako kalejira-ibilaldia egingo dute, 10:00etatik 12:30era. Gune bakoitzean ikastolarekin harremana duen edo izan duen eragileren bat omenduko dute. Honakoa da ibilbidea:
- 10:00etan, Ama Xantalenetik abiatuko da ibilbidea. Bertan ikastolako gurasoak eta ikasleak omenduko dituzte.
- 10:10etan, Irungo EKTra iritsiko da martxa. Bertan hainbat taldek hartuko dute omenduen lekukoa: EKT, BAT, Kemen, Txorimaloak…
- 10:20ean, udaletxearen parera iritsiko da kelejira. Bertam, udalaren eta txikienen gunea izango da.
- 10:30ean, Kale Nagusian, ikastolaren sortzaileak omenduko dituzte.
- 10:45ean, Oiasso Erromatar Museoan, laguntzaileen lana aitortuko dute.
- 11:30ean, Pasionistak gunean, langileei egingo diete gorazarre.
- 12:00etan iritsiko da Betharram aldera martxa, han Hondarribiko kideei aitortza egiteko.
- 12:30ean, Txingudi Ikastolara iritsiko da kalejira, eta ekitaldi ofiziala egingo dute.
Ikastolan ere izango dira ekimenak goizez eta arratsaldez (bazkaria ere badago). Horrela, goizean, DBHn, tailerrak, teknologia erakusketa, antzerkia, eta DBH4koei omenaldia izango dira. Pistan, berriz, 11:30etik aurrera, makilaje tailerra eta puzgarriak jarriko dituzte. Arratsaldean, disko festa, Irrien Lagunak, puzgarriak eta taberna izango dira.
Bazkaria
Ikastolako ekitaldi ofizialaren ondoren, bazkaria izango da bertan, helduentzako eta haurrentzako. Aldez aurretik (hilaren 17ra arte) egin behar zuten txartelen ordainketa bertan izan nahi dutenek, eta ikastolako kideek jakinarazi dute txartelen trukea hilaren 22 eta 23an egin behar dela, ikastolako idazkaritzan, 17:00etatik 19:00etara.
Oharrak
Ekainaren 1ean ikastolako aparkalekua itxita egongo da, baina Irundik ikastolara autobus zerbitzua jarriko dute, doan, 11:00etatik 12:00etara eta 19:30etik 20:30era. LH eta HHko sarrerak itxita egongo dira, beraz, DBHko zubitik sartu beharko da eraikinera. Horrez gain, egunari diru ekarpena egiteko, elastikoak (5 euroan) eta errifak (euro batean) jarriko dituzte salgai.