Laurak Batek sariak emango dizkie Pasaian erosketak egiten dituztenei
Hilaren 20tik ekainaren 15era arte kanpaina berria abian jarriko du Laurak Bat Pasaiako Merkataritza eta Ostalaritza elkarteak. Elkartearen dendetan Laurak Bat txartelarekin erosteagatik —kanpainara atxikitu diren dendetan, eranskailu berezia jarrita izango dute— 10 eta 20 euroko sariak jaso ditzakete herritarrek. Ondoren, bono moduko sari horiek kanpainarekin bat egin duten dendetan erosketak egiteko balia daitezke. Sariak ekainaren 15era arte emango diren arren, horiekin erosketak ekainaren 30era arte egin daitezke.