Gobernu taldeak Velascoko gaian "egia" ez duela esan uste du Pasaiako PSE-EEk
Pasaiako PSE-EEren arabera, udal gobernu taldeak “egia ez du esan” San Pedroko Velascoko etxebizitzen gaiarekin. Azken udalbatzarrean Jose Luis Sanz San Pedroko alkateordeak esan zuen oraindik udalak ez zuela obra jaso, ez dagoela bukatuta, hainbat arazo tarteko. “Baina Velascoko lanen lehen faseari buruzko udal teknikarien txosten batek, apirilekoa, obraren rezepzioaren gaineko aldeko iritzia ematen du. Bilduren gobernuak sanpedrotarrei azaldu behar die orain zergatik ez dagoen bertako igogailua martxan”.
Sozialisten arabera, alkateak bertako 217 aparkalekuren jabego eskriturak sinatu ditu, eta lanen promotoreei bermeak itzuli dizkiete, eta galdera egin dute: “Zenbat diru ordaindu behar du udalak garaje horietako komunitate, ur eta argindar gastuetan, horiek hutsik dauden bitartean? Beti bezala gaizki eta berandu doaz, eta udalari galera ekonomiko handiak eragiten ari zaizkie, ondorioz, pasaitarrei ere”.