Trainerillen Gipuzkoako Liga eta Txapelketa jokoan izango dira asteburuan
Aulki mugikorreko Bordeleko Nazioarteko Estropadak egingo dituzte larunbatean eta igandean eta Hondarribia Arraun Elkarteak 40 ontzi eramango ditu Okzitaniara. Guztira, herriko 80 arraunlari baino gehiagok parte hartuko dute probetan.
Trainerillak ere lehiatuko dira asteburuan. Larunbatean Mutrikun Gizpuakoko Ligaren azken jardunaldia egingo dute, 16:30etik aurrera eta Gipuzkoako Txapelketako sailkapen estropada ere izango da. Ligan Hondarribia da lider, baina azken jardunaldietan San Juanek hobekuntza handia izan du —azken lau jardunaldietan irabazi dute arrosek— eta hondarribiarren tartea puntu bakarrera murriztea lortu dute.
Txapelketako finalak igandean izango dira, Mutrikun ere, 11:00etan hasita. Gipuzkoako Txapelketarako faboritoak ligan hoberen jardun duten ontziak izango dira: Hondarribia, San Juan, Orio eta San Pedro.