Azken bost urteetan, Aldundia Oiartzun ibaian egiten ari den lana izokina birsartzeko bere emaitzak ematen hasi da. Gipuzkoako ibaietatik, Urumean eta Orian ikusi izan dira azken hamabost urteetan izokinak sartzen, eta bietan ugaldu direla konprobatu dugu. Azken aldian ikusi diren emaitzen arabera, laster, Oiartzun ibaian ere bizi ahal izango du izokinak, arroaren errekuperazioak orain doan bidetik jarraitzen badu.
2008az geroztik, Oiartzun ibaiaren azken zatian izokinak ikusten dira, batez ere Errenteriako Fanderia auzoaren inguruan. Izokin gazteak dira guztiak, dudarik gabe, ibaian gora izokin helduek jarritako arrautzetatik sortuak.
Orain arte neurtu den izokin dentsitea ez da oso altua, baina urtez urte gorakada nabarmena izaten ari da:
- 2008. urtetik 2010. urteraino, 1.200-1.400 gramo izokin hektarea bakoitzeko neurtu ziren.
- 2012. urteko neurketen arabera 3.000 gramotik gora dago hektarea bakoitzeko.
“Emaitza itxaropentsu hauek, Bidasoa ibaitik hartutako izokin kumeekin egindako repoblazioen ondorio dira. Birpopulaketa hauek 2004. urtetik 2007. urtera bitartean egin zituen Foru Aldundiak, Oiartzun ibaiaren goiko aldean, ibaiak urte luzez jasan dituen kutsadura arazo larrienak gainditutzat eman zirenean. Emaitza baikorrak ikusita, berriro birpopulaketa lanak egiteari ekin zaio, orain Oiartzun ibaiaren azken kilometroetan, prozesua guztia indartzeko, eta izokin populazioa iraunkorra izan dadin ibai honetan”, adierazi dute aldundiatik.
Nolanahi ere, ibaiaren biziberritze ekologikoa moteltzen duten faktoreak daudela ohartarazi dute aldundiko teknikariek: “Ibaiko uraren kalitatea ona den arren, eta bere funtzio biologikoak, hein batean bederen, berreskuratuak diren arren, azken boladan egiaztatu ahal izan dugu badirela beste faktore batzuk, Oiartzun ibaiaren biziberritze biologiko benetakoa hesi-mugatzen ari direnak, ez badugu haien aurka egiten. Besteak beste, nabarmentzen da ibai habitataren egoera eskasa; ibai ertzak biziki urbanizatuak daudenez gero, ibaiertzeko landaredirik ia ez dago, ibaia oztopoz (presaz) beterik ageri da, eta, ondorioz, ibaiaren tarteak bortizki zatikatuak eta isolatuak gelditzen dira”.