Errenteriako Udaleko Udal Gobernu Taldeko kideen arabera, kulturak izan behar du herriaren “eraldaketarako” elementu garrantzitsuenetakoa. Industriari lotutako herria izatetik, kulturaren bitartez barne kohesioa nahiz eraldaketa, eta kanpora begirako erreferentzialtasuna lortu nahi du udalak, eta horren adibidetzat eman ditu Lekuona, Niessengo liburutegia, Torrekua eta Gune Historikoa ardatz dituzten egitasmoak. Baina egitasmo horiek era isolatuan ez direla ulertu behar esan du gaur Julen Mendoza alkateak, “dena bat da. Harremana dute, elkar elikatzen dira, elkarri indarra ematen diote, eta udalerriaren errealitatean modu naturalean txertatzen dira”.
Adierazpen horiek urtarrilaren 29an Udalbatzak hartutako akordio baten harira egin ditu alkateak. Akordioaren arabera, gobernu taldeak konpromisoa hartu zuen Artelekuren arte eszenikoetarako gunearen —Lekuona zenean jarriko dute–, Euskal Herriko jantzien museoaren, udal liburutegiaren, udal aterpetxearen edo beste edozein kultur ekipamenduren gaineko informazioa ematera, baldin eta inbertsiorik behar balute. “Udaleko hainbat saili txosten teknikoak eskatu dizkiegu, baita Plan Estrategikoa egin zuen enpresari ere. Horien ondorioak alderdi politikoei aurkeztu dizkiegu, eta orain herritarrei zuzentzen gatzaizkio”.
Lekuonako Arte Eszenikoen Zentroa, Gune Historikoa (bertan Artiola, Euskal Herriko Jantzien Museoa eta Torrekua Hostel leudeke— biziberritzeko kultur egitasmoak, eta bi liburutegi berri egitea dira udalaren kultur egitasmoen barruko ardatzak. Baina denak elkarri lotuta daudela esan du gaur alkateak, eta gizarte onurak, ekonomiaren sustapena, eta lurraldetasun dimentsioa izango dituztela ziurtatu du, “sortzaileen eta kulturaren poloak izango dira. Erroak udalerrian izango dituzte, herritik jaioko dira, herriaren elementu propioak direlako berez”. Hala, horiek 2017-2018 alderako eginda izango direla uste du alkateak, eta nabarmendu du horiek gauzatzeko inbertsioaren zati handi bat Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko duela, “bestela ezingo lirateke egin. Baina aldundiak egin duen apustuari eutsi behar diogu, bestela, guk, gure kabuz, ezin izango diegu aurre egin. Horretarako dei egiten diet oposizioko alderdiei elkarlanaren bidea har dezatela gurekin batera”.
Lekuonan, Dantzagunea
Gobernu taldearentzat Lekuona zenaren eraikinean Dantza eta Arte Eszenikoen Zentroa edo Dantzagunea egitea “aukera baliotsua” da. Aldundiaren ekimenez jaio dela egitasmoa esan du alkateak, eta “Errenteriaren irudi berri bat proiektatzeko” gune egokia dela adierazi du, “ez legoke beste bat. Horrelako egitasmo bat gure egiten ez badugu, galduko dugu. Gipuzkoak duen behar nabari bat aseko luke”. Lekuonako eraikina prestatu arte, Dantzagunearen egoitza Niessengo areto bat izango litzateke –ondoren udal liburutegietako bat bertan jarriko lukete– bi urtez, eta dantzarako gunea egokitzeko lanen %14k ez luke balioko liburutegi berrirako.
Bi liburutegi
Gaur Julen Mendozak esan duenez, behin Dantzagunea Lekuonara lekualdatuta, bi liburutegi berri izango ditu herriak. Lehena Niessengoa, eta bigarrena Beraun, Kaputxinoak, Galtzaraborda eta Alabergako biztanleen zati bati zerbitzua emango diena, “biztanleen %37”. Horrela, Errenteria-Oreretak Donostiak adina ratio (liburugietako metro koadroak biztanleko) izango lukeela esan du..
Gune Historikoa
Gune Historikoa biziberritzeko estrategikotzat eman ditu Mendozak kultur egitasmoak. Artiolaren garapena –Erdiko eta Beheko kaleetan dauden lokal hutsetan artisauen tailerrak jarriko lituzkete–, Euskal Herriko Jantzien Museoa eta Torrekua Hostel –Torrekuan jarriko luketen bidaiarientzako ostatua, bai turistentzat, bai herrira etorriko liratekeen sortzaileentzat— dira beratarako landu dituzten egitasmoak.