Ekainaren 8an eta 9an egingo da Erdi Aroko Azoka eta, antolatzaileek prestatuko duten egitarauz gain, Klink Elkarteak keinu polita egingo du asteburu horretako larunbatean. Elkartasun bazkaria antolatuko dute eta ateratzen den diru guztia Caritas erakundeari emango diote, eskualdeko langabeen eta behartsuen artean banatu dezan.
Klinketik hori nabarmendu dute, hain zuzen ere diru guztia emango dutela, eta hori posible izan da bazkarirako behar dutena doan jaso dutelako, hau da, banatzaileek bat egin dutelako ekimenarekin. Horiez gain, Abiyuan txarangak ere kolaboratu nahi izan du eta ekainaren 8ko bazkaria animatuko du.
Bazkaria Klink elkartean egingo dute eta, helburua, elkartea betetzea dela esan du Josema Nogeras elkarteko presidenteak: “Elkartea betetzea lortu behar dugu, 100 pertsona sartu eta 1.200 euro lortuz. Gure esku dago”. Baina diru hori lortu baino gehiago egin dezakete, bazkaltzera joan ezin dutenei diru ekarpenak egiteko aukera eman dietelako, Fila 0-aren bitartez. Informazio gehiagorako edo ekarpenak egiteko, idatzi
Klink elkartera. “Jende bat oso gaizki pasatzen ari da, eta gure esku dago haien egoera arintzea, gutxi bada ere”, gehitu dute Klinkekoek.
Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte, hiru lekuetan: Klink elkartean bertan, Alzaga urdaitegian eta San Pedro kaleko Diaz gozodendan.
Elkartasun bazkariko menua
- Arrain zopa
- Masailak saltsan
- Arroz-esnea