Iker Salaberria: "Euskararen herri harresia"
Lezoko udalak kontratazioetan hizkuntza klausulak jartzeagatik, Estatuko abokatuaren auzi-errekurtsoa jaso duela jakin dugu. Estatuak beste behin ere mezu argi bat bidali nahi izan du: Kontuz! Hemen guk erabakitzen dugu-eta, hizkuntza kontuetan zer egin dezakezuen eta zer ez. Ez da inondik inora halako mezua ematen duten lehen aldia. Pentsa, euskarazko egunkari bakarra ixtera ere heldu ziren. Hortaz, beste behin, eurekiko mendekotasuna agerian utzi nahi izan digute euren abokatuen bidez.
Gertaera hau beste ikuspegi batetik ere argigarria da. Batetik, Euskal Herriak alboko Estatuekin duen gatazkaren oinarri-oinarrian hizkuntza-gatazka ere egon badagoela agerian uzten du. Ez da kasualitatea, noski, euskarak euskaldunoi damaigun identitate kolektiboa eta kohesioa baitute arerio estatu horiek. Horregatik, hizkuntza-normalizazioaren kontrako jardunak, erdaren inposizioa eta euskararen atzeraldia jomuga izanik, estatu-gaiaren dimentsioa hartu izan du. Auzi-errekurtso honek argi erakusten duen bezala, joera hori ez da gaur gaurkoz aldatu. Estatuen hizkuntza-politikek euskara galbidera daramate. Bestetik, gertaera honek agerian uzten du hizkuntza-gatazka botere-gatazka dela funts funtsean. Hizkuntzaren kontrolak boterea ematen du eta botereak, bere hizkuntza, hegemoniko bihurtu nahi izaten du.
Eta horren aurrean zer egin? Argi geratu da botere politiko nagusia non dagoen. Hortaz, hemen dugun botere politiko mugatuak bi aukera argi ditu: mendekotasunez jokatzea edo bide propioa egiteko hautuari heltzea. Baina, sakoneko aldaketarik eman ezean, beti izango du Damoklesen (edo Esparterorena?) ezpata gainean. Bada, aldiz, beste botere-iturririk: herria bera, hain zuzen ere. Euskaldun eta euskaltzaleok bat eginda, azken aldian hainbestetan entzun den herri harresia eraiki dezakegu, euskararen aldeko herri harresia. ‘Euskaraz bizi nahi dut’ oihu eginez, guk geureari eutsiko diogula eta ez direla pasako erakutsi dezakegu. Denon artean, euskaraz bizitzeko urratsak eman eta babestu ditzakegu. Gure herriaren historia irakasten dutenean konta dezaten herritik sortu zen euskarak, herria sortu zuela.
Euskaltzalea. Lezo