Bidasoko Suhiltzaileek diseinatutako Alde Zaharreko Larrialdi Plana betearazteko trafikoari eragiten dioten zenbait aldaketa ezarri ziren martxoan, eta orain bigarren urratsa eman du udalak, Jabier Ugarte kaleko sarbidea zaintzen hasiko baitira udaltzainak. Bizilagunek eta baimendutakoek soilik izango dute sartzeko aukera.
Alde Zaharreko biztanleak ez ditu aldaketak ezustean harrapatu, udalak horren berri eman baitzien martxoan. “Martxoaren 18 eta 19an zenbait bilera publiko egin genituen Alde Zaharreko bizilagunekin, eta horietan jakinarazi genien zein aldaketa egingo ditugun” azaldu du Aitor Kerejeta Alkateak. “Ordutik aurrera, ezin da Kale Nagusian eta San Nikolas kalean aparkatu. Orain, seinaleak jarri dira sarreran, adierazteko ezinezkoa dutela gainerako ibilgailuek Alde Zaharrean sartu”.
Aparkatzeko guneak murriztu dira eta aparkatu ezin den leku batzuetan bizilagunek eta baimendutakoek epe mugatua izango dute zamalanetarako. “Ibilgailuak bakarrik aparkatu ahal izango dira Bordari, Uria Harresia eta Leiba Generala kaleetan. Hirigune Historikoko gainerako kaleetan ezin izango da aparkatu. Alde Zaharrean aparkatu ezin den kaleetan, bertako bizilagun eta baimenduei karga eta deskarga baimenduko zaie 30 minutuz, baldin eta kalearen zabalerak ematen badu” gehitu Kerejetak.
Bizilaguna izan ez eta baimena nahi duenak udaltzaingoan egin beharko du eskaera.
- Zirkulazio berria: Javier Ugarte-Santiago Konpostela-Bordari-Uria Harresia-Leiba Generala-Denda kalea-Juan Laborda.
Hortaz, San Nikolas Atea trafikorako itxita geratuko da eta San Nikolas kaleko bizilagunek, baimendutakoek eta soilik Paradoreko zein San Nikolas Hoteleko bezeroek Murrutik eta Kale Nagusitik jarraitzeko aukera izango dute.
Aldaketen berri emateko, udalak informazio kanpaina abiatu du Alde Zaharreko etxebizitza, komertzio eta ostalaritza establezimenduetan.