Belaunaldi oso bati eskerronez
Gaur goizean omenaldia egin diete Errenteria-Oreretako jubilatuei Merkatuzarren. Kolore guztietako udal ordezkariak elkartu dira adinduei eskerrona azaltzeko eta, haien eta herritar guztien izenean, Julen Mendoza alkateak eskerrak eman dizkie hamarkadetan egindako lanagatik. “Zuen belaunaldiari esker daukagu daukagun gizartea, zuen belaunaldiak egindako lanari esker”, zuzendu zaie.
Banan-bana herriko elkarte guztien batzordeetako kideak igo dira ekitaldirako propio jarritako oholtzara eta zinegotziek elkarte bakoitzari koadro bana eman diete eta oroigarriak batzordekide bakoitzari. Ekitaldiaren ostean aurresku bat dantzatu dute eta Merkatuzarren bazkaltzen bukatu dute udalak herriko jubilatuei eskainitako jardunaldia.