Mendekoste jai irudimentsu eta parte hartzaileen aldeko hautua egin du jai batzordeak, eta baita lortu ere, Lezoko elkarteen eta herritarren inplikazioari esker, ostiralean hasi eta igandera bitartean egitarau zabala bezain aberatsa antolatu baitute jaiak ospatzeko. Horren harira, Ainhoa Zabalo alkateak, Mikel Arruti Kultura zinegotziak, eta Xanti Val Kultura teknikariak “eskerrak” eman zizkieten “egitaraua osatu eta jaiak posible egin dituzten herritar eta elkarte guztiei”, jaiak aurkezteko atzo arratsaldean egin zuten agerraldian. “jaien aurrekontua jeitsi behar izan dugu, eta neurri handi batean Mendekosteak herriko eragileen laguntzari esker ospatuko ditugu. Lezoko Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet guzti guztiei”, esan zuen Zabalok, eta eragileek erakutsi duten “konpromisoa” eta “lanerako grina” nabarmendu zituen.
Izaera herrikoia
Mendekosteen izaera herrikoiari erreparatu zion Arrutik, bestalde, “herritarrekin eta herritarrentzat egindako festak izango dira Mendekosteak. Ekitaldi xumeak antolatu ditugu, doakoak guztiak, baina hiru egunez non gozatu izango dugu lezoarrok eta inguruko herrietatik gerturatuko direnak. Egoera ekonomikoa dela eta, aurten etxez etxe egitaraurik ez dela banatuko azaldu zuen halaber Arrutik, “diru hori jaietako ekintzetan inbertitzea egokiagoa iruditu zaigu jai batzordea osatzen dugun kideoi”. Horrenbestez, udalaren webgunean edo herriko komertzioetan banatu dituzten karteletan izango dute ikusterik egitaraua lezoarrek.
Egitarauari dagokionean Sagardo Eguna nabarmendu zuen Valek: “Aurten hamar parte hartzaile izango dira. Lezoko usadioari jarraituz, ez da sagardotegietako sagardoa izango bertan, herriko baserrietan egindakoa baizik”. Horrekin batera Lezoko Euskal Dantzazaleak taldeak XX. mendeko hasieran girotutako erromeria antolatu duela ekarri zuen gogora Valek. Gurutze Santuaren plazan izango da ekitaldia larunbatean 12:00etan Lezoko Udal Musika Bandaren laguntzarekin, eta herriko kaleetan barrena ibiliko dira ondoren.
Zabarrek 20 urte
Etzi 18:00etan lehorreratzearekin batera hasiera emango dei Mendekoste jaiei Zabarre piratak.Hala ere ez zuen huts egin nahi izan atzoko jaien aurkezpen ekitaldian. Lezoko piratak 20 urte beteko ditu aurten eta opari polita jaso du horren harira: Zabarre taldeak argitaratu duen pertsonaiaren gaineko ipuina. Aritz Gorrotxategik idatzi du Zabarre ipuina, eta bertako ilustrazioak berriz Ainhoa Jauregi pasaitarrak eginak dira. Mendekosteen egitarauarekin batera aurkeztu zuten atzoko agerraldian liburua eta Zabarre taldeko kideek nabarmendu zutenez, “ipuina Lezoko etxe guztietara zabaltzea da helburua”. Zabarre taldeak Zubitxo kalean zabalduko duen dendan edo jaietan zehar kalean jarriko dituzten mahaietan eskuratu ahal izango da Lezoko pirata famatuaren ipuina bost euroren truke.
Jai egitaraua
Etzi, ostirala
- 18:30: Zabarreren lehorreratzea kaiatik abiatuta
- 19:30: Txupinazoa: Alkate txikiak, buruhandi eta erraldoiak
- 20:00: Enkartelada
- 21:00: Piraten afaria Gurutze Santuaren plazan
Etzidamu, larunbata
- 10:00. Diana
- 11:30: Plazara ekimena Gurutze Santuaren plazan
- 12:00: Kantu Jira Aiton Bordatik abiatuta
- 12:00: Buruhandiak Bekoerrota kiroldegitik abiatuta
- 12:00: XX. Mende hasierako erromeria herritik zehar
- 12:30: Errenteriako eta Lezoko Musika Banden emanaldia Gurutze Santuaren plazan
- 14:30: Dantzazaleen bazkaria Karlos Saldise plazan. Jarraina Andoni Ollokiegiren emanaldia.
- 16:00: Haur Jolasak Euskal Herria Plazan.
- 16:30: Truck txapelketa Tiñelun
- 17:30: Pilota eskolako finalak Goiko Plazako frontoian
- 18:00: Sagardo Eguna
- 19:00: Buruhandi eta erraldoiak Bekoerrota kiroldegitik
- 23:00: Modestorekin berbena Gurutze Santuaren plazan
Hilaren 19, igandea
- 10:00: Diana
- 11:00: Karaokea Karlos Saldise plazan
- 11:00: Toka txaplektea Polentzarrenen
- 11:00: Meza nagusia
- 12:00: Buruhandiak Bekoerrota kiroldegitik abiatuta. Ondoren apar festa Karlos Saldise plazan.
- 16:30: Altxorraren bila Gurutze Santauren plazatik abiatuta.
- 19:30: Zabarreren itzulera Gurutze Santuaren plazatik
- 21:45: Musika Banda eta zezen suzkoa
Mendekoste jaien egitaraua antolatzen parte hartu duten eragileak
- Aiton Borda
- Allerru-Jaizkibel Ehiza elkartea
- Allerru Pilota Taldea
- Gaxuxa Emakume taldea
- Haurtxo Haur Eskola
- Hezikuntza Elkartea
- Ixkulin Elkartea
- Lezo Herri Eskola
- Lezo Institutua
- Lezoko Euskal Dantzazaleak
- Lezoko Oroitzene AEK
- Lezokoak Elkartea
- Murixka Dantza Taldea
- Pasaia Lezo Lizeoa
- Psaia Lezo Lizeoko Gurasoak
- Tiñelu Elkartea
- Zabarre Taldea