PSE-EE atez atekoaz: "Inposizio eta multak ez dira irtenbidea"
Eskualdeko beste herrietan atez ateko sistema jarri edo jartzeko pausoak ematen ari diren honetan, Errenteriako PSE-EEk beste behin Errenteria-Oreretara ez zabaltzeko eskatu du, eta horren partez bosgarren edukiontzia ezartzeko. Talde sozialistaren arabera, gaikako bilketa sisteman “pauso bat” eman behar da, “gehiago birziklatu eta ingurumen iraunkortasuna hobetu, baina argi dago inposizio eta multak ez direla irtenbidea”. Gipuzkoa mailan, herritarrak atez atekoaren kontra agertu direla esan du, eta horren adibide direla horren kontra bildu diren 75.000 sinadurak.
Bosgarren edukiontzia “adostasun gehien daukan sistema” dela esan du PSE-EEk, eta horregatik aurkeztu duela udaletxean horren aldeko eta atez atekoaren kontrako mozioa udaletxean. Horrekin batera lehenbailehen materia organikoa jasotzeko edukiontziak jartzeko eskatu du, eta era berean, nola birziklatu jakiteko behar adina kanpaina egiteko eskatu du, “estutasun eta inposiziorik gabe”.
“Hondakinen turismoa” egiten dela berretsi du PSE-EEk, eta Lartzabal eta Fanderiako bizilagunak “horren lekuko” direla, eta hori erakusten duten argazki eta bideoak daudela. Horrek herriari “kalte handia” ekartzen diola esan du, “hondakinen bilketa zerbitzua Errenteriako bizilagunek bakarrik ordaintzen baitute hondakinen tasarekin”.