Ekoipe proiektua martxan jarri dute lehenengoz, Pasaia, Lezo eta Errenteria-Oreretan, herritarrak etxean erabilitako olioaren gainean sentsibilizatzeko. Olioa “oso interesgarria” edo “oso arriskutsua” izan daitekeela azaldu du Txema Hernandez Cristina-Enea fundazioko zuzendariak, ematen zaion irtenbidearen arabera: “Arraskatik botatzen badugu, erreketatik ibaira joango da eta handik itsasora, eta bai flora eta bai faunan eragina izango du. Edukiontzi batean uzten badugu, onuragarria izan daiteke, biodiesel deitzen den erregai ekologikoa lor daitekeelako, petroliotik lortzen den dieselak baino gutxiago kutsatzen duena”.
Zentzu horretan, haurrak kontzientziatuz hasiko dira, eta hala, hiru herrietako ikastetxe guztietatik pasatuko dira. Saioak Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleekin egingo dituzte. Beraz, 11 ikastetxeko 1.500 haurrekin lan egingo dute.
Asteartean hasiko dira ekimenarekin, eta 90 minutuko saioa egingo dute. Zenbait esperimentu egingo dituzte, eta horrekin batera, olio soberakinak bi norabidetan, erabilpen ona eta erabilpen txarra emanda, zein irtenbide daukaten erakutsiko dute. Hala, batetik, erabilpen txarra eginda, olio tanta bat arraskatik botata egingo duen ibilbidea ikusiko dute, eta nola araztegian depuratzen duten. Bestetik, berriz, erabilpen ona eginda olioa edukiontzian botata, nola hori Ekograsen moldatzen duten ikusiko dute. Beraz, bi bisita gidatu egingo dituzte Añarbeko Uretara eta Ekograsera.
Gero asmoa ikasitakoa familiekin lantzea da. Hala, galdetegi bat pasatuko diete gurasoekin batera betetzeko. Bestalde, erabilitako olioari beste erabilpen bat ematen irakatsiko diete: xaboia, ukendua… Ikastetxeetan lan egingo dute 1.500 haurren bidez, 1.500 familiengana iristea da asmoa.
Ekimenaren bultzatzailea Cristina Enea fundazioarekin batera, Ekogras, Añarbeko Urak, San Marko mankomunitatea eta Pasaia, Lezo eta Errenteriako udalak dira.
Ahalik eta gehien birziklatzea helburu
Zenbat eta olio gehiago birziklatu hobeto. Horixe da proiektuaren helburua, eta horri jarraipena egingo diote, ea datuak hobetzen dira. Urtean biztanleko lau litro olio kontsumitzen direla ondorioztatu dute, Pasaian dauden 11 edukiontzietan 21.745 litro jasotzen dira; Lezoko lauetan, 5.950 litro; eta Errenteria-Oreretako 23etan, 35.450 litro. Biztanleko birziklatutakoaren batez bestekoa, beraz, Errenteria-Oreretan 0,9 litrokoa da, Lezon, 0,98 litrokoa eta Pasaian, 1,37 litrokoa.
Ekimena Gipuzkoako beste herrietara zabaltzea dela asmoa azaldu du Hernandezek, baina eskualde hori aukeratzeko zenbait arrazoi objektibo egon direla. Herrian zehar edukiontziak jarrita daudela, biztanleria dentsitate handiko tokiak direla, edukiontzi horien estatistikak dituztela eta haur gehienak eskualdeko zentroetara joaten direla.