Maite Franko
Arrosa gehi Urdina, morea izenburupean ipuin-kontaketa saioa eskainiko du Maite Frankok (Irun-Hondarribia, 1971) Oiartzungo udaletxeko areto nagusian, 19:00etatik aurrera. Parekidetasunaren gaia lantzen du bertan, baina Frankok berak dioen bezala “ez da panfleto bat. Istorio dibertigarriak kontatzeko aitzakia da”.
Ipuinak beti haurrekin lotzen ditugu. Zergatik dela uste duzu?
Ipuina, gauza askoren artean, fikzioaren munduan sartzeko lehen atea da. Umea, txiki-txikia denetik ere, laster konturatzen da fikzioaren (=ipuinaren) atseginaz, baita harekin zaletu ere. Iheserako aukera ematen dio, bizi den errealitate beti ez hain arrosatik aldetzen lagunduz; aldi berean, errealitatearekiko distantzia horrek mundua bera, errealitatea bera, ondo ulertzen laguntzen dio; enpatiarako gaitasuna lantzeko parada ere ematen dio, ipuinaren protagonistarekin identifikatuta, eta hau beste umeekiko zein helduekiko harremanetarako oso lagungarria suertatuko zaio. Ipuinaren edota fikzioaren, oro har, onuren zerrenda oso luzea da, eta ezin dugu ahaztu, nire ustez, garrantzitsuena: ipuina, gurasoek magalean eserita dutela umeari kontatzen diotenean, atsegin iturri handiagoa bihurtzen da, opari, maitasunezko opari bat; munduko erloju guztiak gelditu eta umeari gure denbora eskaintzen diogu, gure arreta, gure artea ahozko kontalari edo irakurle trebe gisa. Eta umeak “berriz” batekin adierazten digu bere esker-ona.
Helduekin zergatik ez den hau guztia gertatzen? Ba, ziur asko, fikzio-iturri eta ihes-bide gehiago (eta sofistikatuagoak batzuk) ezagutzen ditugulako: idatzizko literatura, antzezlanak, pelikulak, telebista, kirola, tabernak … Gehiago asetuko gaituztelakoan kontsumitzen ditugu filmak, adibidez, baina nire ustez oker gaude. Hitz hutsarekin ere izugarri hunkitu daiteke. Edo bestela, zergatik bilatzen dugu lagun baten konpainia hitz-aspertu bat izateko?
Helduak ipuin beharretan al daude?
Bai, nik uste baietz, eta ez bakarrik ipuin-kontaketa saioetan entzun daitezkeenak. Etxeko egunerotasunean ere bai. Agian proba egin beharko genuke egun batean telebista itzali eta oherako orduan gure bikotekideari edo inguruari dugunari ipuin bat kontatuz edo kontatzeko eskatuz. Ipuin mota asko daudela deskubrituko genuke: lasai eta goxo uzten gaituztenak, aztoratzen gaituztenak, musuka hasteko gogoa pizten dutenak, gure arazoez hitz egiteko aukera ematen digutenak…
Ze desberdintasun daude haurrei ipuinak kontatzearen edo helduei kontatzearen artean?
Interesguneetan, argi dagoen bezala. Bestela, nik behitzat antzeko teknika eta helburuak erabiltzen dut: denok ondo pasa dezagun saiatzen naiz; elkarrekintza erabiltzen dut, baina entzuleak gaizki pasarazi gabe; tonuekin jolasten naiz, istorio guztiak kolore berekoak izan ez daitezen; mezuak bidaltzen ditut, irakurketa desberdinak izan ditzaketenak; jakin-mina pizten duten ipuinak bilatzen ditut, bukaera aldez aurretik intuitzen ez den horietakoak; eta pertsonaia interesgarriak ere aurkitzen ahalegintzen naiz, gure barruan ezkutuan egon daitezkeenak.
Zerbait aurrera dezakezu osteguneko Oiartzungo saioaz?
Ostegun honetako saioak
Arrosa gehi Urdina, morea du izenburua, eta parekidetasun edo berdintasunaren gaia lantzen du, baina ez da panfleto bat. Istorio dibertigarriak kontatzeko aitzakia da. Era berean, kultura desberdinetako zenbait herri ipuin eta kondairetan gai bera nola islatzen den (berdintasuna edo berdintasun eza, alegia) ikusteko aukera ematen du. Zerbait gehiago esaterik nahi? Zatoz eta zuk zeunik ikusi!
-Koldo Ameztoyk dio ipuinak umeak lokartzeko eta helduak esnatzeko direla. Ados al zaude?
Umeak lokartze horrek
lasaitu esan nahi badu, eta helduak
esnatzeak kontzientziak astintzea, ba bai. Ados egon naiteke (nola ez Koldo Ameztoy Txit Gorenarekin! Beteranoak ikaragarri miresten ditut). Hala ere, ez dut gaizki hartuko Oiartzungo saioan helduren bat lo gelditzen bazait (umeekin gertatu izan zait, behin baino gehiagotan). Bizi dugun estresarekin jendea lasaitzea lortzea, ez da gutxi!
Noiz hasi zinen ipuinak kontatzen? Nondik datorkizu zaletasuna?
2004ean profesionalki. Ordura arte ilobei baino ez nizkien kontatzen. Ilobak handitzean, berriz, ume bila atera behar izan nuen. Eta tarteka, nahiko ume helduak aurkitu ere bai, edo heldu batzuk barruko haurra nahiko kanpoan dutena. Antzerkigintza eta irakaskuntzatik pasa ondoren, Haur eta Gazte literaturaren mundua ederra deskubritzeko aukera izan nuen, Galtzagorri Elkartean lanean hastearekin batera. Orduan ikusi nuen nik etxean horren gustura egiten nuena bizimodu ere bilakatu zitekeela. Hasieratik zorte ikaragarria izan dut, lehenengo saio horietatik bertatik ipuinetik soilik bizitzeko parada izan dut eta.
Zaletasuna, amarengandik. Ama, Toledokoa dena, kontalari aparta da, eta txikitatik kontatu izan dizkigu etxeko zazpi antxumeoi hamaika istorio (batez ere beldurrezkoak) telebista pizteko gogoa kentzeko modukoak, gehienak berak umetan jasotakoak. (Egia da telebista bera nahiko berandu iritsi zela gure etxe xumera eta amatxo gaixoak zerbait asmatu beharrean zegoela umeak entretenitzeko…).
Ipuin Proiektuak izeneko egitasmoa jarri zenuen martxan. Zein hutsune bete dezakete ipuinek hezkuntzan?
Ipuin proiektuak (enfin, nire burua saltzen hasiko naiz hemen…) hiru dira: Berdinola I eta II (Berdintasuna eta Kulturartekotasuna lantzekoak) eta Babesola (Drogomenpekotasunaren kontrako jarrera babesgarriak jorratzekoak). LH 1, 2 eta 3. mailarako sortuak dira. Ipuin kontaketa saioak eta material didaktikoa dituzte barne, eta Zarautz eta Hernaniko eskola guztietan nabil batekin edo bestearekin (edo hirurekin).
Ipuina amu izugarri ona da umeentzat. Ipuin formatuan ematen diozunari arreta handiagoa eskainiko diote hasieratik, barruan zernahi sar dezakezularik. Beraz, hasiera batean erakargarritasuna dute berez. Gero, mezuak barneratzeko tresna izugarri eraginkorra da, umeek esponjak edo belakiak balira bezala jasotzen baitituzte (normalean, eta baldintzak onak direnean.) Hortaz, baloreen inguruan hitz egiteko eta nork bere baloreez zein balore ezaz kontzientzia hartzeko mundialak dira. Baina ez dezagun garrantzitsuena ahaztu! Atsegin iturria izan behar dute ipuina izaera ez galtzeko. Nik ez dakit hau guztia lortzen dudan. Badakit umeek bukaeran, sarritan, lurretik altxa eta besarkadak ematen hasten zaizkizula, eta honek niretzat saioa ondo bideratu izanaren sintoma izaten da.
Eta ostegun honetan, tira, batek daki! Jendea besarkatzera hurbiltzea ez dut ezinbestekotzat hartuko ondo pasa ote duten jakiteko; hala ere, norbaitek hala nahiko balu, nik poz-pozik hartuko nuke.
Eta katu, katu,
elkarrizketa egin da bu-ka-tu.