Errenteriarren partaidetza txikitu egin dela esan du EAJk
Udal gobernu taldeak martxan jarritako arratsaldeko udal batzarretan, herritarren partaidetza gutxitu egin dela esan du Errenteriako EAJk: “Bi urteotan arratsaldez egindako 132 batzordeetan herri partaide bakarra etorri da, bi batzordeetara”. Zentzu horretan, ereduak “porrot” egin duela eta “slogan hutsa” bihurtu dela iritzi dio Maite Peña EAJko bozeramaileak.
Udal batzorde horiek goizez egitea proposatu du Peñak, eta horrela, udalak diru gutxiago gastatuko duela azaldu du: “Gaur egun, batzordeak arratsaldez egiteagatik bertan parte hartu behar duten udal langileek aparteko orduak kobratu behar dituzte, legezkoa den bezala, eta horrek udalaren gastuak gizendu egiten du”.
Familia kontziliazioa ere kontuan hartzeko eskatu du: “Ez du ezertarako balio berdintasunari buruzko planak egitea eta gero gobernuak berak ez betetzea”.