
Huxley, De Luçaren testamentuari buruzko azalpenak ematen
Gaurko egunez duela 450 urte Domingo de Luça arrantzaleak bere testamentua sinatu zuen Ternuko Placencia portuan. Hondarribikoa zen eta Joan Xuarezen Maria del Juncal itsasontzian zihoan bakailaoak harrapatzera. 1563 urteko maiatzaren 15an sinatuta dago eta Mexikotik iparrerago aurkitutako jatorrizko agiri zibil zaharrena da. Michael Barkham Huxley historialari kanadarrak aurkitu du Oñatiko protokoloen foru artxibategian eta atzo eman zuen ezagutzera, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradian. Non bestela.
Domingo de Luça bidaian gaixotu zen eta hilko zela jakinda, barkuan zihoan idazkariak prestatu zion testamentua. Emazteari utzi zion zeukana, zorrak barne, eta berarekin zor zirenen zerrenda bat ere, emazteari ordaindu ziezaioten. Xuarezek, arrantza ontziko jabeak ekarri zuen testamentua Ternuatik Euskal Herrira, Hondarribiko alkatearen aurrean aurkezteko, dokumentua sinatu zuten gainerako zazpi lekukoekin batera. Horri esker bereganatu zituen alargunak senarra zenaren ondasunak. Dokumentua sinatu zutenetako batzuen izenak —Joan Xuarez eta Juan de Blancaflor, adibidez— beste hainbat artxibotako dokumentuetan agertzen dira, Barkhamek dioenez, eta testamentua egiazkoa dela pentsarazten duen datuetako bat da hori.
“Domingo de Luça Euskal Herritik Ternuara joan ziren arrantzale ugarietako bat gehiago izan zen», azaldu zuen Barhamek, «baina historiaren kasualitateengatik bere testamentua gureganaino iritsi da, eta kostalde honetako arrantzaleek Ternuko arrantza lanetan izan zuten parte hartze handiaren lekukotasun bat ere bada dokumentu hori”.
Asko ez ziren itzultzen
Mendean Ternuara bakailaoa edo baleak harrapatzera joan ziren euskal arrantzaleek sekulako epopeien protagonistak izan ziren. Hilabete eta erdiko bidaia haraino, baldintza itzeletan lan egin eta beste hilabete bat etxeraino. Ez pentsa dirua egiten zutenik, hurrengo denboraldia iritsi arte iraunbizitzeko adina bai baina gehiago ez. Asko ziren, gainera, itzultzen ez zirenak, bidaian gaixotu edo lanean izandako istripuetan bertan geratzen zirenak.
Garaiko Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat idatzi zuten, baina ez bakarrik Euskal Herrikoa. Ternuan arrastoak utzi zituzten, kaiak sortu, toponimia idatzi eta indigenekin harremana egin baitzuten. Ez bakarrik hori, egungo Kanadako idatzizko lehen adierazpenak euskaldunak dira. Duela hogeita hamar bat urte Orioko bi marinelen testamentuen kopiak aurkitu ziren —jatorrizkoa ez da agertu—, zaharrena 1548.
Eta orain Domingo de Luça Hondarribiko arrantzalearen testamentua agertu da Oñatin. Hau bai jatorrizkoa da, gaurko egunez 1563an sinatuta, duela 450 urte. Mexikotik gora inoiz aurkitutako jatorrizko agiri zibil zaharrena da eta, ondorioz, egungo Kanadan idatziriko lehena. “Berriro eraiki nahi duzun hori berriro eraikitzen laguntzen dizun agiri bat aurkitzea zoragarria da. Agiri historiko guztiak dira garrantzitsuak, baina hau desberdina da. Mexikon dagoeneko espainiarrak ziren, baina hortik ora ez zegoen ezer. Eta testamentu hau Mexiko iparraldetik gora aurkitutako jatorrizko dokumentu zaharrena da eta nire herriko, Kanadako zaharrena”, nabarmendu zuen historialariak.
Barkham Huxleyk hamar milatik gora dokumentu zahar aztertu ditu eta horrek “nekatu” egiten duela aitortu du. Baina Domingo de Luçaren testamentua aurkitzeak asko poztu zuen. Horregatik, ingelesera itzuli nahi du eta Kanadako Historia Museoan utzi, arrantzalearen borondatea jasotzen duen agiriaren kopia batekin batera. Izan ere, Hondarribiko arrantzaleak Ternuko historia idazten lagundu zuen, bere garaiko hainbat eta hainbat euskal marinelek egin zuten bezala.