Gaur bilduko da lehen aldiz Irungo Euskararen Aholku Batzordea
Gaur, 19:00etan, bilduko da lehen aldiz Irungo Euskararen Aholku Batzordea. Bertan, alderdi politikoek, udal teknikariek eta hiriko elkarteek izango dute ordezkaritza, eta euskararen erabilerarekin nahiz normalizazioarekin lotura duten gaiak jorratuko dituzte. Fernando San Martin Euskara ordezkariaren arabera, “euskararen normalizazioaren alde lan egiten ari diren eragile guztientzako topagune bat” izango da batzordea. Hala, horiek Kalean Bai programaren bidez lanean ari direla nabarmendu du San Martinek: “Hori tresna baliotsua da gure hirian euskararen erabilera eta normalizazioa hedatzeko”.