EAJk diru bilketa egitea egotzi dio gobernu taldeari, etxebizitza hutsen zergaren harira
Errenteriako EAJk salatu duenez, “diru bilketa hutsa du helburu” Udal Gobernu Taldeak, zenbait zerga igo dituelako. Zehazki, etxebizitza hutsen zerga gehigarria %100 igotzearen adibidea eman du EAJk, eta horrek “herritarrak zigortzen” dituela iritzi dio.
EAJren arabera, Batzar Nagusietan hitzartu zuten Bilduk eta PSE-EEk gai horri buruzko foru araua, baina EAJ kontra azaldu dela esan du, “aurrenekoz adostu beharrekoa etxebizitza hutsaren definizioa baita, eta ez dago horrelakorik eginda”.
Ildo horretatik, herritarrek “ilara handiak” egin dituztela udaletxean esan du, eta “1.200 zerga ezarpenetatik 500 alegazio” jaso direla. Maite Peña Errenteriako EAJren bozeramailearen esanetan, “ezin zaie modu horretan herritarrei bizkar eman, are gehiago krisia eta herritarren egoera pertsonalak kontuan hartuta”.
Hala, zerga gehigarri hori berriro begiratzeko eskatu dio Udal Gobernu Taldeari, eta etxebizitza hutsaren benetako definizioa argitzeko, “zergak justizia sozialaz ezartzeko”.