Mikel Buttoni "terrorismoa goratzea" egotzi dio Velasco epaileak, Ernairen webgunearen harira
Ernai erakundearen webguneko arduraduna delakoan Mikel Button hondarribiarra inputatu du Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak eta terrorismoa goratzea egotzi dio. Irungo Auzitegira joan beharko du deklaratzera Buttonek. Xabier Lopez Peña euskal presoa zenaren argazki bat webgunean jartzeagatik, gazte antolakundearen Interneteko lekua behin-behinean ixteko agindu zuen epaileak apirilaren 26an. Aitor Ortuondo inputatu zuen, gainera.
Espainiako Poliziak Nafarroan duen goi agintaritzak eta Lurraldeko Informazio Brigadak egindako ikerketa batean oinarrituta zegoen webgunea ixteko erabakia. Velascok haiei eskatu zien, hain zuzen ere, webgunea berehala blokeatzeko eta blokeo hori mantentzeko. Epailearen arabera neurri hori hartu behar da “delituzko ekintzaren jarraipena saihesteko”. Eta neurri hori indarrean mantendu behar da “delituzko goratzearen arduradunak ezagutzeko ikerketak jarraitu bitartean”. Era berean, azaldu du erabakiaren berri eman behar zaiela webgunearen administratzaileari, enpresa erregistratzaileari eta zerbitzariari.
Iragan astean kendu zioten inputazioa Ortuondori, webgunearen teknikari bat zela eta ardurarik ez zuela frogatuta. Orain, Button inputatu du Velascok, hark duelakoan webgunearen ardura, eta “terrorismoa goratzea” egotzi dio.