"Hiritarren segurtasun arazoez" hitz egin nahi du Pasaiako PSE-EEk
Pasaiako PSE-EEk Amaia Agirregabiria alkateari eskatu dio Informazio Batzordea antola dezala, “urgentea”, haien ustez Pasaian “segurtasun arazoak” daudelako: “Pasaiako barrutietako establezimenduetan azken aldian lapurreta asko izaten ari dira. Hori herritarren artean eta ostalarien artean ardura handia eragiten ari da”.
Sozialisten ustez egoera horrek badu harremana “Bildu aurrera eramaten ari den pertsonal politikarekin”. PSE-EEren arabera, Udaltzaingoan bete ez diren plazak daude, “eta bajak daudenean, ez dira ordezkatzen. Horrek segurtasunean badu eragina, gauean batez ere, 16.000 biztanleko herri sakabanatu batean patruila bakarra izaten delako gauetan”. Hartara. sozialisten ustez, egoera hori “ez da onargarria”, establezimenduen jabeentzako “kaltegarria” delako, “eta gainera, krisiaren eragina bereziki ari dira nabaritzen ostalariak eta dendariak. Bilduren gobernua lapurretak ekiditeko neurriak hartzen ari bada, horiek ez dute inolako ondoriorik.Pasaia lapurren paradisua bihurtzen ari da”. Batzordean ostalariek eta dendariek parte har dezatela nahi du Pasaiako PSE-EEk.