Buru gaixotasunak landuko dituzte gaixoen familiekin ostegunean
Agifes Gipuzkoako familia eta gaixo psikikoen elkarteak antolatuta, zenbait ikastaro egingo dituzte Errenteria-Oreretan gaixoen familiei zuzenduta. Ostegunean izango da lehenengo saioa, eta hurrengoak hilaren 30ean eta ekainaren 13 eta 27an.
Ikastaroak eskualdeko gaixoen familia eta zaintzaileei zuzenduta daude. Batetik, gaixotasun mentalei buruzko informazio zehatza jasoko dute, eta familia barruko gatazkak konpontzeko pausoak ere emango dizkiete saioak gidatuko dituzten Iker Arrizabalaga psikologoak eta Veronica Pazos langile sozialak. Eskualdeko familiei zuzenduta dago ekitaldia Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezoko udalekin eta Errenteriako buru osasuneko zentroarekin elkarlanean antolatu duelako Agifesek.
Ikastaroa bi ordukoa izango da, 18:30etik 20:30era, eta Xenpelar Etxean emango dute.
Familia gatazkak
Agifesek azaldu duenez, senideen arteko giroa eta harremanak ezegonkor bihur daitezke gaixotasun mentalen eraginez; hala nola, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edota nortasun-nahasmendua.
Hala, ikastaroan parte hartzen dutenei buru gaixotasunaren eta osasunaren berri emango diete, familia barruko egoeraren aurrean nola jokatu jakin dezaten eta senti ditzaketen antsietatea eta beldurrak gainditzeko.