Gutierrez eta Kerejeta, sinatzeko unean
Arma Plaza Fundazioak eta Buenos Aires hiriko artea, arkitektura eta hirigintza ikertzeko xedea duen CEDODAL elkarteak hitzarmena sinatu dute, ondare alorrean bateragarritasuna, eta lankidetza tekniko, zientifiko eta kulturalak izateko helburuarekin.
Txomin Sagarzazu Kultur Zinegotzia eta Arma Plazako Patronatu buru-ordeak azaldu duenez, 2012an hasi zen bi elkarteen arteko harremana, baina harreman hori iragan hilabetean sendotu zen, CEDODALen kide Ramon Gutierrez arkitektuak Ondaredun Hondarribia foroan parte hartu zuenetik: “Bi erakundeak lankidetzan ariko gara kultur ondare ukigarriak nahiz ukiezinak babesten, ondare-ondasunak babestu eta kudeatzearekin zerikusia duten giza baliabideen ikerketa eta formazio lanak egiten, kultur turismoa garatzen, eta kultur ondarea baloratzeko eta ondare hori babesteko hiritarren parte-hartzearen aldeko argitaratze politikak garatzen”.
Akordioari esker, “bi erakundeen interesekoak diren ondare gaiei buruz garatutako ikerketetan elkar lagunduko dute, eta bi erakundeetako ikertzaile/irakasleen arteko informazio trukaketa sustatuko dute”, azaldu du zinegotziak eta erakunde bakoitzak besteari harreman sareen berri emango dio, “hala gure azterketa eta ikerketak elkarren artean trukatzeko, eta argitaraldi lanetan lankidetzan aritzeko”.
Sinatutako hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du eta, besteak beste, aukera emango die CEDODALen formatutako ikertzaileek Arma Plaza Fundazioan ikerketa eta garapen lanak egiteko eta ikertzaile berriak formatzeko.