Ander Vilariñok garaipen bikoitza lortu du Dijonen eta Nascarreko lidergoa sendotu du
Ander Vilariño gidari hondarribiarrak irabazi ditu asteburuan Dijongo zirkuituan (Frantzia) egin diren bi lasterketak eta iaz lortutako Europako Nascar Txapelketako eraztuna berriro irabazteko bidean urrats handia eman du. Orain arteko lau lasterketak irabazi ditu Vilariñok eta lidergoa sendotu du Dijonen.
Gainera, Nogaroko bi lasterketetan aurkari nagusi izan zen Yan Zimmerrek Dijongo lehen egunean huts egin zuen —zortzigarren sailkatu zen— eta bigarrenean hirugarren geratu zen. Dijonen, Frederic Gabillon geratu da bi lasterketetan bigarren. Frantziarraren Ford Mustang autoak hobekuntza handia izan du —Nogaron 18. eta 7. geratu zen—, eta gauzak zail jarri zizkion hondarribiarrari asteburuan.
Hondarribiarrak onartu duenez, asteburua ezinhobea izan da: “Asteburua bikaina da. TFT Banco Santander taldeari eskerrak eman nahi dizkiot, kotxea ezinhobeto prestatu dutelako. Nike ibilbideko une onenean nago, bain fisikoki, baita maila teknikoan ere. Bi garaipen hauek lidergoa sendotzeko balio izan digute eta, orain, hurrengo lasterketa lehenbailehen iristea besterik ez dut nahi”.
Txapelketako hurrengo bi lasterketak Ingalaterran izango dira, Brands Hatch zirkuituan, ekainaren 8 eta 9an.