Urdaburuk Huesca bisitatuko du hil bukaeran
Urdaburu mendizale elkarteak Huescarako irteera antolatu du hilaren 25 eta 26rako. Aragoiko aurrepirinioak bisitatuko dituzte. Lehen egunean, La Peña geltokitik irtengo dira, eta Rigloseko malloetan zehar, txangoa egingo dute Riglos herrian bukatuz. Hurrengo egunean, berriz, Yebra de Basatik irten, eta Peñat Oturia (1.921 metro) igoko dute, Javierre del Obispo herrian bukatzeko. Bi txangoak 5 ordu ingurukoak izango dira.
Hilaren 25ean goizeko zazpietan irtengo dira Zumardiko autobus geltokitik.
Izena eman behar da bertan parte hartzeko, 943 52 78 79 telefonora deituta edo Urdaburu mendizale elkartetik pasatuta (Juan Olazabal, 23). Astearte eta ostegunetan dago zabalik, 20:00etatik 21:30era.