Monarkiaren aurkako manifestaziora deitu dute
Gaur areto futboleko Errege Kopako finala jokatuko dute Irunen eta horren aurrean “ezinegona, gaitzespena eta haserrea” adierazteko manifestaziorako deia egin die herritarrei Herri Ziztadak ekimenak. Manifestazioa Urdanibia plazatik (Mosku) aterako da Desahucio Real Ya! Monarkia Kanpora! lelopean, 20:00etan. Nicolas Guerendiain talde errepublikarrak ere bat egin du deialdiarekin eta Errepublikako bandera balkoietan jartzera animatu du.
Herri Ziztadak, bestalde, Irungo Udalaren “kontzepzio elitista eta menpekoa” salatu du: “Ez da lehen aldia besteen interesak gainetik jartzen dituena, mota honetako ekitaldien aldeko apustuak eginez”. Horrez gain, “erakunde parasitoak” estatuaren aurrekontuen 7.933.710 euro jasotzen dituela gogorarazi du.
Irungo EH Bildu ere aurka
Irungo EH Bilduk ere bere gaitzespena adierazi du: “Txapelketaren bultzatzailea Espainiako errege etxea da eta Erregea estatuko buru den neurrian, errege etxe hau da egun indarrean dagoen sistema edota ereduaren ikur nagusia eta gure herriaren, Euskal Herriaren, ukazio eta eskubide zapalketaren ikur nagusia”.
Irungo EH Bilduk ez du ulertzen errege etxeak bultzaturiko txapelketaren finala Irunen jokatzea, “ez eta bertara errege etxe horretako ordezkaritza bertan hartzea ere”. “Ez dugu ulertzen gobernu honek ze arrazoi edo interes dituen abagune honetan errege etxe honi halako omenaldirik egiteko. Ez dugu ulertzen nolatan herritarrak elkartzeko helburua duten ekimenak sustatu beharrean, gizartea zatitu, sektore batzuk mindu eta giroa gaiztotzea ondorio izango duen ekimen hau bultzatzen duten”.
Horrez gain, inongo egitarauetan ez duela parte hartuko adierazi du, ez taldeei egingo zaien harreran ezta finalean ere. Bide horretatik, Irunen egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.