Espainiak auzitara eraman du Lezo euskara sustatzeagatik
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariak iragarri zuen ez zuela utziko hizkuntza auziengatik inor baztertzen. Gipuzkoako 36 udalek kontratazio publikoetan euskarari buruzko baldintza batzuk eskatzea erabaki dute; urtarrilean eman zuten horren berri. Lehenago, urrian, diputazioak jakinarazi zuen asmo bera. Ikertu egingo zuela esan zuen Urkijok. Delitu «zantzu argiak» sumatzen zituela enpresei euskarari buruzko ezagutzak eta baldintzak eskatze horretan. BERRIAk jakin ahal izan du Gipuzkoako bi udalek hartutako erabakiei helegiteak jarri dizkiela Espainiako Estatuko abokatuak. Euskarari lehentasuna emateko erabakiekin legea urratu delakoan jo du estatuko abokatuak udalen aurka. Oraingoz, Anoetan eta Lezon jaso dute helegitearen berri.