Eskubaloiaren elitera itzultzeko aukera ez du galdu nahi Bidasoak
2006/2007 sasoian galdutakoa berreskuratu nahi du Bidasoa eskubaloi taldeak. Sei urtez Ohorezko Zilarrezko Mailan jokatu ondoren, Asobal Ligara itzuli nahi du Irungo taldeak. Baina horretarako bi koska gelditzen zaizkie. Hain zuzen ere, asteburu honetako lauko finaleko bi koskak. Abantaila nabarmena dute beste taldeekiko: etxean jokatuko dute, lehenik bihar finalerdia Hondarribian, eta gaurkoa irabaziz gero, finala, bihar Artalekun. Irabazlea bakarrik igoko da Asobal Ligara.
Hasteko, gaur, Hondartzan, Teucro taldea izango dute aurrez aurre bidasoarrek. 17:00etan hasiko da finalerdia. Oso sasoi onean iritsi da Fernando Bolearen taldea unerik erabakiorrenera, izan ere, ligan, azken partidetan erakustaldi ederrak egin dituzte hori-urdinek, eta berme horrekin iritsi dira kanporaketetara. Teucro ere talde historikoa da, zaila, baina zaleen laguntzak ere izango du eragina biharko partidan. Lehen urratsa izango da.
Lehen urratsa gaindituta, bigarrenari aurre egin beharko lioke Bidasoak, finalari. Bihar jokatuko dute Artalekun, 12:00etatik aurrera. Bidasoaren kanporaketako irabazleak, eta Puente Genil-Alcobendas taldeen artetik onenak (gaur, 19:30ean, Hondartzan), jokatuko duten finala.
Zaleen laguntza
Bidasoko agintariek zaleen laguntza eskatu dute, batez ere gaurko partidarako. Irundik hurbil, baina hala ere Hondartza kiroldegiko harmailak erabat betetzeko eskatu diete irundarrei. Finalera iritsiz gero, Artalekuko betekada ziurtatuta dago.