Egoitz Gurrutxagaren plaka kentzearen ondorioz, gaur goizean hainbat pintaketa agertu dira Errenteria-Oreretako erdiguneko zenbait tokitan. Pintaketa horietan,
Bildu Espainiaren morroi jarri dute, eta ez daude inork sinatuak. Gaur goizean, Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, elkarretaratzea egin dute Herriko Plazan, eta Sorturen izenean, Angel Mari Elkanok egin duen irakurketan, datorren ostegunerako herri batzarrera deitu dute “prozesuari egin nahi zaion eraso guzti horren irakurketa egin eta etxe barruko hausnarketa propio bat egiteko”.
Sortuk “erabateko babesa” agertu dira EH Bilduri, eta udalak Egoitz Gurrutxagaren oroimenezko plaka nolatan kendu zuen azaldu du: “Kasualitatez, hamar urte eta gero, EH Bilduk Alkatetza hartzen duenean plaka hori kentzeko agindua jaso zuen. Agindua jaso bezain pronto, familiarekin jarri ginen harremanetan, eta gaur egiten den irakurketa berbera egin genion familiari. Ondoren, erabakia hartu zen, eta plaka kendu zen”.
Sortuk azaldu duenez, “susmoa” daukate pintaketa horiek egin dituena “bere burua ezkertiar eta abertzaletzat” duela. “Horrela bada, argi eta garbi esan nahi dugu bere burua ezker abertzaletik kanpo utzi duela pintada horiek egin dituen momentuan”.
Konponbidearen alde
Elkarretaratzearen aurretik, Gernikako akordioaren sinatzaileek egin dituzte adierazpenak, eta horien izenean, Agus Canok hitz egin du. Azken bi urteetan Euskal Herrian aldaketa sakonak eman diren arren, egoera politiko berriari Espainiako eta Frantziako estatuek “aurreko egoerari zegozkion erantzunak” ematen dizkiotela esan du: “Gazteak espetxeratzea, espetxe politika are gehiago gogortzea…”. Herrian zehazki, herriko gazteak sakabanatzea eta Auzitegi Nazionalak Egoitz Gurrutxagaren plaka kentzeko agindua aipatu ditu. “Mina egin dute, oroigarriak jasan zuen erasoa ez zen nahikoa izan eta min egiten jarraituko badute ere, horrelako jarduerako irmoki salatzeaz gain, hartutako norabidean jarraitzeko apustuan” berresten direla gaineratu du.
Zentzu horretan, agertoki demokratikoa eraikitzeko bidean oztopo izan daitezkeen jokabideak alboratzea eskatu dute.