Oihana Etxabarrieta: San eta Santa light
Telebista piztu dut apur bat deskonektatzeko, serie txoro bat ikusi eta buruari bueltak emateari uzteko, off-ean geratzeko. Bai, aitortzen dut horrelakoetan meditazioan hasi baino hobekiago funtzionatzen didala telebistarenak. Baina kontua ez da hori. Deskonektatzea lortzen dut seriea ikusten ari naizenean, tramak aurrera egiten duenean, baina iragarkiek, nire meditazio kapazitatea puskatu egiten dute. Ez dut oraindik hauetaz paso egiteko teknikarik garatu (lortzerakoan maestro zen titulua emango didatela uste dut).
Eta hortxe nago ni, iragarki guztiak banan-banan begiratzen, aztertzen, neurtzen … “… Kirol gehiago egiten hasi beharko zenuke … Zereal integralak jaten hasi beharko zinateke …” Stop! Hasi da Bikini operazioa eta iragarkiek dei indiskriminatua bota didate. Paso. Zerealaren iragarkian uretan arazorik eta konplexurik gabe sartzen diren hiru neska argalak bezala sartu nahi dut uretan, hain argal egon ez arren. Argaltzeko krema jarrita duen neskak bezala egin nahi dut lo, biluzik eta sakon, baina kremarik gabe. Bere buruarekin pozik azaltzen den neska izan nahi dut, operazio-gelatik pasa gabe.
Ez da erraza gaur egungo gizarte honetan hondartzara joaten hasteko garaia emakume eta gizon askorentzat. Sortu dugun iruditegi perfektu horren gatibu gara gu ere, eta urtero-urtero zaila egiten da gure azal txuriak eguzkitan jartzen hastea. Eta badaezpada, hala ez bazen, hor daude iragarkiak uneoro hori gogorarazten. Hondartza batera joateko gorputz perfektuaren jabe ez zarela azpimarratzen dizute.
Gorputzaren tenplua sortu dute publizitate etxeek. Gurtu beharreko gorputz perfektuak dira gure gaur egungo jainko eta jainkosak, 90-60-90 neurriak dituzten panpinak eta puztutako beso eta hankak dituzten Action-Manak. Baina hori besterik ez dira, panpinak. Errealitatean existitzen ez direnak. Eliza guztietan bezala, existitzen ez den hori gurtzen da ere honetan. Eliza guztietan bezala, doktrina hori predikatzen dutenek gure diruarekin betetzen dituzte poltsikoak. Eliza guztietan bezala paradisua predikatuz, sinestunak txintxo eta isilik mantentzen dituzte.
Beraz, eliza horretan zaudela eta gustura zaudela uste baduzu, eta kontziente bazara horretaz guztiaz, ados. Bestela, animatu zaitez horma ilun eta hotz horietatik ateratzen, eta eguzki egun hauetan, zure gorputz maitagarri hori, zurea dena eta horrelakoa dena, kalera ateratzen. Bikiniarekin, trikiniarekin, bainujantziarekin, arroparekin edo ezer gabe. Baina atera ezazu eta gozatu ezazu eguzkiaz, demonio!