Euskararen erabilerak gora egin du Lezon, bereziki haur eta gazteen artean. Soziolinguistika Klusterrak eman zuen datu hori atzo, kale erabileraren azken neurketaren berri emateko udalean egin zuen agerraldian. 2000. urtean lezoarren %33k erabiltzen zuten euskara, eta hamabi urte beranduago, 2012an hain zuzen ere, %41,8k erabiltzen zuten. Adin tarteari begira, berriz, haurrek erabiltzen dutela gehien euskara ondorioztatu zuen klusterreko kide Olatz Altunak, joan den urteko azaroan bildutako datuen arabera: «Lezoko haurren %57k erabiltzen dute euskara». Gazteak dira bigarren, %46,6ko erabilerarekin. Helduen artetik %39,8k erabiltzen dute euskara, eta beste muturrean, berriz, adinekoak aurkitzen dira: «Azken horien %21,2k erabiltzen dute euskara».
Haur eta gazten kasuan euskararen erabilerak izan duen igoera nabarmendu zuen Altunak: «Haurren kasuan %45,3tik %57ra igo da; gazteen kasuan, berriz, %32,9tik %46,6ra egin du gora erabilerak». Gazteen erabilera indizeak 2004. urtean beheranzko joera hartu zuela gaineratu zuen halaber, 2008an %13ra heltzeraino. Horrenbestez, azken lau urteetan izan duen bilakaera «txalogarria» dela esan zuen Soziolinguistika Klusterreko kideak.
Auzokako erabilerari dagokionez, azken neurketaren arabera udalerriaren Erdigunean eta Urdaburun du euskarak presentzia gehien, %47,6 eta %44,3, hurrenez hurren. Beste muturrean Guillermo Lazon eta Pildain (%35,5), edo Zubitxo eta Salaberria zonaldeak aurkitzen dira (%32,3). 2012ko azaroan egin zuen kale neurketa Soziolinguistika Klusterrak. Neurketak, besteak beste, adin talde bakoitzak kalean euskara zenbat erabiltzen duen esaten diela, eta horrek lehentasunak zeintzuk diren erabakitzeko garaian lagungarri zaiela azaldu zuen Altunak: «Kale erabileraren neurketa maiztasun batekin eginez gero, gainera, urtetik urtera gertatzen den bilakaera ezagutu ahal izango dugu, eta modu horretara herrian izaten diren hizkuntza aldaketak gertutik jarraitu».
Soziolinguistika Klusterraren txostena herritarren eskura jarri du udalak.
txostena-oinarrizko_neurketa-lezo-2013