San Pedro kaleko proiektuari argi berdea emango dio gaur Hirigintza Batzordeak
San Pedro kaleko espaloian, Txantxangorri tabernaren parean, gainontzeko lur eremuarekin zerikusia ez duen bi metro luzerako zati dago, bi motako baldosak dituena. Aitor Kerejeta alkateak atzo komunikabideekin egindako bisitan azaldu zuenez, froga bezala jarri dute, heldu den irailetik aurrera kalean egingo dituzten hiritartze lanei begira: “Duela aste gutxi, Txantxangorri jatetxearen aurrean etorkizuneko San Pedro kalean jarriko diren baldosa eta lurreko materialak jarri genituen. Udan froga bezala balioko dute, eta guk ondorioztatu ahal izango dugu egunerokotasunean nola mantentzen diren, euri, bero, mahai, aulkien… mugimenduarekin”.
Gaurko Hirigintza Batzordean aztertuko dute San Pedro kalea berriro hiritartzeko proiektua eta, dena ongi, datorren asteko plenora bideratuko dute. Plenoan onartuz gero, lehiaketa publikoa abiatzeko argi berdea izango luke udal gobernuak. Obrarako 5 milioi euroko gastua aurreikusita dute.
Lanak irailean hasiko lirateke eta 2014ko ekainerako amaituta egongo direla uste du alkateak: “San Pedro kaleko proiektua teknikoki ez da zaila, orain arteko ingurukoekin parekatzen badugu. Lurpean ez da asko jaitsi behar eta etxebizitzen arteko distantzia zabalagoa da; baina kudeatzeko zailagoa da, bertan komertzio eta ostalaritza negozio askoz gehiago daudelako, eta hiriko harremanetarako gune garrantzitsuenetako bat delako”.
Ekonomi jardueran izango duen eragina kontuan izanik, faseka egingo dituzte lanak, eta kale oso-osoari ez dio eragingo, ez bailuke astirik emango kalearen hasieratik 15. zenbakira doan tartea burutzeko. “Ezin gara kalearen haseraraino joan, ez bait luke denborarik emango 2014ko ekainerako amaituta egoteko. Azken urrats hori aurrerago emango dugu”, zehaztu du Kerejetak.
Terrazen araudia Portuko beste kaleetan bezala, kalearen hiritartzea asko aldatuko da San Pedro kalean, baina egungo hiri paisaiako bereizgarri diren platanondoak ukituko ez dituztela argi utzi nahi izan zuen alkateak atzoko bisitan: “Argi utzi nahi dut egun dauden zuhaitzak mantendu egingo dira. Obra garatzen doan heinean, platanondo bat hutsik eta gaixo dagoela ikusten bada, aldatu egingo da beste batengatik”.
Portuan egiten ari diren lanen harira, ostalaritza establezimenduen terrazak nolakoak izan beharko diren zehazteko araudia prestatzen hasi dira udalean. Araudia Porturako zein beste auzoetarako baliagarria izango litzateke eta, horregatik, ostalariekin bilerak egin eta egingo dituzte. “Ostalariekin bileraren bat mantendu dugu, eta ordenantza egiten goazen heinean beraiekin elkartuko gara berriro. Proiektu hau [San Pedro kalekoa] amaitzen denerako ordenantza hau onartuta egotea da gure asmoa” argitu du Kerejetak.