Hamazazpi partaide, Gazte Mailako Gipuzkoako aurresku lehian
Etzi Gazte Mailako Gipuzkoako Aurresku Txapelketa jokatuko dute Errenteria-Oreretan, eta hamazazpi gazte igoko dira oholtzara bi mailatan banatuta. A sailean 7-11 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute, eta B sailean, berriz, 12-15 urte arteko gaztetxoek. Lehenengoan hamabi ordezkari bilduko dira, eta bigarrenean, bost. B sailean ez da eskualdeko dantzaririk egongo; bai, ordea, A sailean: Errenteria-Oreretako mutil bat, Joseba Pikabea, eta hiru lezoar: Iker Belintxon, Danel Serrano eta Eneko Balda.
Landare elkarteak 27.enez antolatu du ekimena, eta Euskal Dantzarien Biltzarraren babesa izan du. Dantzariak 18:00etan bilduko dira Errenteria Hiria Kulturgunean, eta Errenteria Musikal dantza eskolako ikasleek ere prestatuko dute emanaldi bat.